Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Klima eta krisia

2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Etxera bidean aurrez aurre zetozen emakume gazte bik gelditu ninduten. Batek eskuetan dozena bat arrautza zeramatzan. Ikasketa bidaiarako dirua batzen ari zirela, eta esan zidatenez, euro baten truke arrautza bat bota niezaikeen gainera. Ez nekien zer erantzun, shock egoeran geratu nintzen. Belaunaldi bakoitzak bere-berea den gerra du, baina borroka batzuk irabazi ezinak dira. Datozen belaunaldiek izango duten borrokarik lakatzena krisi klimatikoarena izango da; eta maiz, Mad-Max-en munduan irudikatzen ditut. Goi mailako ikasketak hastear dituzten inguruko gazteei esaten diet ikasten dutena ikasita krisi klimatikoarekin lotu dezaten. Ez didate jaramonik egiten.

Egunotako agerraldietan hamasei urte dituen emakume suediar bat gailendu da: Greta Thunberg. Esatera noana ez da politikoki zuzena, badakit, baina harritzen nau asko emakume gazte honek hartu duen, zelan esan, puztualdia. Nazio Batuen Erakundeko ehun bat agintariren aurrean emandako hitzaldiak ere txunditu ninduen, hitzaldiak eta bestek. «We are watching you (begiratzen ari gara)» eta mundiala iruditu zitzaidana: «If you chose to fail us, I say will never forgive you (kale egitea erabakitzen baduzue, ez dizuegu inoiz barkatuko)». Dei nazakezu fedebako, mesfidati eta sinesgaitz, baina zuk uste duzu, zinez, erabaki latzak hartzen (eta hartuko) dituzten agintariek dar-dar unerik izan zutela neska gazte honen adierazpenarekin? Nik ez dut ezer sinesten dagoeneko. Uste dut krisi klimatikoaren kontrako borroka izango dela datozen hamarkada luzeetako gure erronkarik nagusiena. Batik bat, gizadiaren iraupena kolokan dagoelako. Erabaki zorrotz eta serioak hartzeko tenorea da, eta ziurrenen, gure bizitzeko moduak mudatzeko garaia. Baina, guayismotik harago, gertu gaude honetarako? Ez dakit, irakurle estimatua, nire aldartea izan liteke, baina dagoeneko dena performance bat dela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.