Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Zulo beltzak

2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun

Zulo beltzak ikertzen dituzte Fisikako Nobel saria eskuratu duten hiru zientzialariek. Zulo beltzek erlatibitatearen teoria egiaztatzeko egiten duten ekarpena ikertu du batak, objektu trinko ezin masiboagoa aurkitu dute gure galaxian beste biek. Zulo beltza, dena irensten duen espazio-denborako zatia, ezertxori ere ihes egiten uzten ez diona.

 

Kanpo espaziora atera beharrik izan gabe, ihesbidea eragozten duten traba ezin masiboagoekin egin daiteke topo. Mugak, adibidez, eta mugetako zaindariak. Europako Batzordea migrazioak kudeatzeko itunaren bila dabil buru-belarri, adostasun handia eskatzen duena. Itun «solidarioa» aipatu da. Akordioaren mamia da, batez ere, behingoz zehaztea nola arraio egin behar duten Europako estatuek etorkinak beren jatorrizko herrialdeetara itzularazteko, ahal den azkarren eta merkeen, eta posible balitz, zaratarik atera gabe. Europa solidarioa. Etorkinik jaso nahi ez duen herrialdeak ondokoari lagundu beharko dio haren lurretara iritsi diren pertsonak kanporatzen, elkartasun erakustaldi hunkigarrian. Ahaztu dira, oro har, Moriako irudiak —beharrik Iñaki Agirrek eta Ane Irazabalek, besteak beste, oraindik hango berri ematen diguten— eta Europako gotorlekura babes bila iritsi direnen bizi baldintzak hobetzeko ahalegina desagertu da Europako mandatarien diskurtsoetatik. Zulo beltzak berriz ere migranteak irentsiko dituela da Europak aditzera ematen duen mezua. Ezin da pobreziatik ihes egin.

Save The Children erakundeak duela gutxi ohartarazi digu adin txikiko errefuxiatuak babesteko neurriak maiz ez direla koherenteak izaten estatuan, ez baitago erkidegoen arteko elkarlanik, eta horren ondorioz ez da ardura partekatzen. Beldur naiz noizbait administrazioak elkarlanean arituko balira ez ote luketen europar erara eginen, ez baitut oso argi nola ulertzen duten elkartasuna gobernuek, gureak, Iruñekoa eta Gasteizkoa, barne.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.