Blanca Urgell
LARREPETIT

Sexua eta rock-and-rolla

2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Kintana eta Tobarren Euskal hiztegi modernoa-ren bigarren edizioa daukat (1977). Fakultatean adoptatu nuen, norbaitek abandonatua. Berak zama kendu eta nik pozik hartu, nire iritzian euskal hiztegigintzan mugarri izan zelako, baina baita ideologia borborka darien sarrera xelebreengatik ezaguna delako ere: «Euzkadillero: persona que alardea de vasquismo sin hacer nada en absoluto por la lengua y cultura vascas». Ideologia hiztegi guztiei darie, gizakiak egindako edozeri bezalaxe, eta normalean ez dago hain agerian.

Hautatutako hitzetan ereideologia igorri zuten Kintana & Tobarrek. Mailegu asko lehen aldiz onartu zituzten, dela kulturatik, hala nola darwinismo eta polymorphismo, dela gazteria hark irentsi zuen lehen ingelesetik (playboy, roastbeef, rock-and-roll), euskara museoko hizkuntza izan behar zela uste zuten erreakzionarioen aurka. Berauen kontra ari ziren maketo-z hauxe idazterakoan: «conviene señalar que esta palabra, utilizada en la actualidad por un pequeño grupo de ultras de la derecha vasca, apenas si se oye en euskera».

Berariaz sartu zituzten tabu hitzak (alu, larrua jo, puta, atzelari, popatik hartu adibideak bildu zituzten hitzaurrean), liberazio sexualaren garaian ere kokatzen zirela aditzera emanez. Alabaina, adibide eta definizioek erakusten dute gizonezkoen (betiko) obsesioen liberazioa baino ez bide zela: andrearekin larrutan egiteaz ez da oraindik aspertu (s.v. larrutan egin). Txomin, andreak dioenez, aspaldion idiskoturik dabil (s.v. idiskotu) edo «acción de palpar las curvas femeninas, más o menos disimuladamente, con el consentimiento tácito de su dueña» (s.v. zirri).

Hiztegia 80 zeritzenean erdietsi nuen nik. Zuzenean joan nintzen «támpax: tanpax» sarrerara, norbaitek esanda. Azpimarratu ere egin nuen. Klitoris ez nuen azpimarratu: beharbada ez nuen bilatu. Beste garai bat zen hura gu guztiontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.