Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Lailarailai

2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
1970ean Bhutanen zoriontasuna neurtzen hasi ziren, ez soilik neurtzen; hiritarren bizimodua kalitatezkoa ote zen jakiteko zoriontasuna neurgailu garrantzitsua zela ebatzi zuten. Agian oso lailarailai irudituko zaizu, baina Nazio Batuak Erakundeak 2013az geroztik zoriontasunaren eguna ospatzen du, eta zoriontasuna neurtzeko tresnak ezarri ditu uste duelako herri aurreratu batek aintzat izan behar dituela herritarren beharrizan emozionalak. Hau da, NBEren arabera herrien ongizatea neurtzeko BPG (Barne Produktu Gordina) indizea baino eraginkorragoa dela uste du Barne Zoriontasun Gordina. Eta zer neurtzen da? Besteak beste: ustelkeriarik eza, babes soziala, besteenganako ardura... Zoriontasuna gauza oso serioa da; are gehiago, herririk aurreratuenak dira zoriontasun tasarik altuenak dituztenak. Helsinki (Finlandia), Aarhus (Danimarka) eta Wellington (Zeelanda Berria) dira lehenengoak zerrendan. Gu ez gaude, eta 43. eta 48. dira Paris eta Madril.

Albaceteko (Espainia) zientzialari bati egindako elkarrizketa irakurtzen egon naiz. Berak Copenhaguenen egiten du lan, Danimarkako Zoriontasunaren Institutuan. Aitzindaria da institutu hori, eta hiritarren ongizatea du jomuga. Elkarrizketa oso interesgarria da, baina bada gauza bat, ttak, deigarria egin zitzaidana. Alejandro Cencerradok (horrela deitzen da zientzialaria) esaten du Danimarkan ez direla garagardotan irteten hainbeste, baina herrikideak laguntzen dituztela, enpatikoak direla, arduratzen direla. Bakardadea aipatzen du, zein arazo larria den eta zein garrantzi gutxi ematen zaion zenbait herritan. Eta akorduan dut 2018an Theresa May Britania Handiko Lehen Ministroa zela abiarazi zuela bakardadeari aurre egiteko ministerioa. Baina ez dakit harago joan den. Gutako zenbatentzat dira txotxolokeriak hauek? Bertso txikiak, Ordorika parafraseatuz. Alegia, oso lailarailai, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.