Blanca Urgell
LARREPETIT

Gaubel gaua

2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
«Alostorrean nengoanean goruetan / Bela beltza kua kua kua kua leihoetan». Imanolen bertsioa nork ez du ezagutzen? Eta, bada, esaidazu, arren: «bela beltza» nola ulertzen duzu? Neu beltza «epiteto» horietako bat zela etsita nengoen, alegia, elurra zuria den legetxe, belea beltza. Alabaina, badago beste aukera bat: bele guztiak bele ez direla dakienak badakibele mota bati belabeltz deritzala: Corvus corone delakoari. Toribio Etxebarriak Lexicón del euskera dialectal de Eibar-en (1965-1966) dio belabaltzak hankak ere beltz dituela eta beleak, aldiz, horiak. Hanka-beltzari belamika, beltzurda eta belatz izenak ere ematen zaizkio han edo hemen, baita bele ere, noski, besterik gabe.

Hirugarren aukera Alostorreko baladaren interpretazio bat da: bele beltza edo belabeltza leihoan ezbeharraren iragarle dagoela esango nuke, baina kondairaren bertsioren batek dio etxeko alabak era anbiguo honetara eman ziola aditzera aitari gaizkilea nor zen: Bela Beltza omen baitzen izenez.

Akitanieraz ere Belex gizon-izena ageri dira (eta, besteak beste, Belexeia emakumezkoa). Lehena gaurko grafian Beletz liteke. Akitanierazko Belexconis-tik zuzenean Erdi Aroko Berascoiz zetorrela uste genuen. Polita dena ez denez beti egia, azkenotan arbuiatu da Akitaniako Belex eta Erdi Aroko Bela, Belasko eta enparauen arteko lotura hori, Bela germanikotik datorrelakoan. Ezjakintasunetik esango dut agian ez dela guztiz zuri edo guztiz beltz; agian hemengo ugaritasuna bi tradizioen arteko kutsadurari zor dakiokeela.

Nolanahi ere den, hala bele nola beltz guztion izenak dira. Nahiz eta baltz jada 984. urtean agertu, inork ere ez dugu **bale esaten (balea bai, ordea), eta gibelari gibel esaten diogu guztiok, eta ubelari ubel. Ezberdintasunak estimatzen ditugu; batzen gaituena ere bai akaso. Hala bada, nork geure kasa eta gogora izan dezagula... gaubel gau zoriontsua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.