Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Urtearen akabukoan

2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Askorentzat, egun batzuk faltan dituen urte zaharra ez da existitu. Badira zenbait ezabatu nahiko luketenak, eta gutxi batzuek definitu ezinik eman dituzte asteok eta hilabeteok, eta horretan jarraitzen dute. Ziztu bizian pasatu zaigula ukaezina da, edo behintzat horren sentsazioa izan dut nik. Urte ezberdina izan da, ezbairik gabe. Historikotzat ere har genezake, nahiz eta denboraren perspektiba beharko dugun horretaz benetan jabetzeko. Arrazoiak arrazoi, ahaztezina izango da denontzat. Marina Garces filosofo kataluniarrak zioen egoera honek gure onenak eta txarrenak atera dituela, eta askok egoera honetan ikusi duela zein zaurgarri garen. Dagoeneko aldatu garela zioen egunkari honetan Asier Etxenikesoziologoak, besteak beste, arduratsu jokatu dugulako. Ez dakit zuri pasatu ote zaizun, baina nik neuk sekula baino gehiago irakurri ditut adituek esandakoak. Ez da ziurtasunik, zalantzak zalantzen gainean. Beldurren bildumak. Bestearekin egoteko, konpartitzeko behar primitiboa gailendu zaigu. Izaki sozialak gara eta badakite. Badakigu. Zaurgarriak garela esatea gauza bat da, eta sentitzea, oso ezberdina.

Ez naiz ona datak gogoratzen, eta bizipenek markatu izan dituzte nire gomutak. Alegia, zenbaki bat ez zaidala nahikoa urte bat edo egun bat gogoratzeko. Aurten, baina, akorduan izango dut ondo ederto zenbait gauza. Eta, hala ere, uste dut bidean gehiegi ahaztuko ditudala; lar arduratu barik lastotzat hartuko ditut.

Badoa urtea eta inoiz baino gehiago uste dugu aste honetan urte berrira egingo dugun jauziak ekarriko digula onik. Gehienok itxaropenari eusten diogu. Laster etorriko da urte berria, berriztatuko ditugu gure ametsak, asmoak, gure promesak. Gure etxean urtearen ahitzea txin-txin berezi batekin egiten dugu: datorren urtean, gutxienez, gaudenok egon gaitezela. Bada, horixe. Txin-txin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.