Blanca Urgell
LARREPETIT

Bakoitza bere zoroak

2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Igel-euria ikusi zen 1873an Kansas Cityn, ekaitzaren erdian, eta arrainak, armiarmak eta bestelakoak ere jausi dira zerutik han-hemen. Halako 25.000 gertakari bildu izanagatik da ezagun Charles Fort (1874-1932). Batzuei zientziak azalpena eman die, baina lanak izango ditu besteak azaltzen.

Yonaguniko egiturak artifizialki zizelkatuak dira, ala naturak moldatuak? Baltikoaren zolan 60 metro diametroko OHE bat ote dago, ala labak sortu du? Hizkuntzalaritzak ez dauka exoarkeologiarekin lehiatzerik. Jainkoak Biblian jendeak bat-batean ezagutzen ez zituzten hizkuntzez mintzarazi izanetik landara, I mean. Edota deabruak Exorzistan. Apalago, ordea, esan liteke berez arauzkoa dirudien hizkuntza fenomeno fortarrez betea dela. Hizkuntzaren igel-euriak.

Bere buruari «Bera'tar Erroman Mirena aba» izen moloia ipini zion hiztegigilea (1878-1959) bide da erail hitzaren aita. Berak mundura ekarri, eta Kepa Enbeita bertsolariak (1878-1942) plazan aurkeztu. Hau aitabitxia! Bazuen besterik alde erail berriak: ordukoek hil eta asesinatu bereizi nahi, mailegu gabe hobeto, eta eraile-ren erroa ahazturik izatea, ero aditz zaharra, hil-ek non-nahi baztertua, Zuberoan izan ezik (egun eho). Alferrik esan zuen Azkuek eraile oker zatikatuaz sortua zela erail: iratxo-hitza zela.

Behinola baziren eman/emaiten-emaile erako txandakatzeak ugari; horietarik da ero/eraiten-eraile. Axularrek badakar sinonimo parea: arima hiltzen eta erhaiten dutenak (1643). Ero-ren jokoaren hondarrak baino ez ditugu: Jak, emak, erak! oihukatu zuten Bizkaian (1596), eta honela jo zuten erronka Altsasun (1568): Doilor zitalorrec il bear zinduke eta daragun guztiok! 'hil dezagun'. Ero 'hil' eta ero 'zoroa' bat dira, gainera: italieraz ere matto baita zoroa, matar erdal hitzaren jatorri berekoa: lat. mattus 'mozkorra', 'ergela'.

25.000 mila agian ez, baina…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.