Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Abaroak (II)

2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Europako populazioaren %75a hirigunean bizi da eta badirudi joera horrek gora egingo duela datozen urteotan. Herriak hustu, hiriak puztu. Hala ere, azken boladatako pandemia honek gauzak aldatu ei ditu, izan ere, pandemia hasi denetik %20 egin dute gora Nafarroako herrietako etxeen erosketek. Derrigorrezko etxeratzearekin du zerikusia. Bizitzaren loop-ak. Kale kumeek barre egiten diete herrietatik hiriratzen direnei, eta alderantziz.

Iruñetik kilometro batzuetara dagoen Zorokiain herria erosi zuten bederatzi familiak; 140.000 euro ordaindu ei zuten pandemia usaindu ere egiten ez genuela. Ni ere herrietako eskaintzak begiratzen egon naiz; Nafarroan, gutxiago Araban edota Zuberoan, bazter utzitako herri asko dago. Jauzika heldu naiz herri oso bat erosteko salmenta oharrera. Milioi eta erdi euroren truke Iruñetik 25 kilometrora dagoen herrixka eros dezakegu. 300 hektarea du eta zazpi bat eraikin, tartean eliza bat. Ez dago argirik baina bai ur putzu bat. Argazkiak ere badakartza, eta bukolikoa ematen du, oporraldi laburra emateko modukoa, baina biziko zinateke hor? Donapaleu inguruan bada XVII. mendeko jauregi eder bat, Mérodeko printzearen etxea izan omen zen eta milioi erdi euroren truke zurea izan liteke. Gogora etorri zait gurasoen eraikinean bizi den gazte batek saldu berri duen etxea; amarena eta amamarena zen etxean. Langabezian eta diru iturri finko barik ezin eutsi etxeari. Ibai Gandiaga arkitektoak zioen irratian etxea sakralizatuegi daukagula, eta egia izango da, baina zenbat historia eta gomuta lotuta ditugu etxeotara? Zenbat gu uzten dugu bazterrean alde egiten dugunean? Zenbat gu geratzen da han? Eta kantatzen hasi naiz, ozen: «...zer geratuko da gerorako/ leku izenak agian ez besterik/ Urbikain, Adansa, Ulibeiti/ Adurtza, Askoa, Orradre...». Huts eta hits, toponimia da gure azken gotorlekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.