Albistea entzun

LARREPETIT

Burezur zarauztarrak Parisen

Samara Velte -

2021eko apirilak 2

Zarauztarrok beti susmatu izan dugu kanpotarrek gurekin ligatu nahi dutela, hartara hondartzan etxe bat izango dutelakoan; ez genekienena zen gure gorputz atalek ere miresmen handia sortu izan dutela, XIX. mendeko ehun bat herritarren burezurrek Parisko museo batean amaitzeraino.

Tira, ñabardura: duela 200 urte, miresmena ez zuen herriko fisionomiak eragiten, oro har euskaldunenak baizik. Arrazen eta nazioen jatorriari buruzko sukar betean, burezurren azterketak informazioa eman zezakeela uste zuten orduko zientzialariek, eta euskaldunenek, luzexkak izaki, cro-magnonetaraino eramango zituztela. Faszinazio horren menpe geratu zen Pedro Gonzalez Velasco udatiarra, Madrilen zirujaua ofizioz: Zarauzko kanposantu zaharraren zati bat erosi eta bertan Villa Munda eraiki zuen, gaur egungo musika etxea. (Digresio txiki bat: sabai altuko eta egur zaratatsuzko etxe hartan, korua izaten genuen. Irakasleak solemnitate handiz iragartzen zuen: «Gure artean moskardoi bat dago». Abesterakoan arnasa gehiegi askatzen zuena zen moskardoia, eta irakaslea Full Metal Jacket-eko sarjentuaren antzera hurbiltzen zitzaigun banan-banan euliaren bila. Ez dut tentsio handiagoko egoerarik gogoratzen haurtzaroan. Eta orain pentsatzen dut: eta moskardoia beste zerbait baldin bazen?).

Antza, Velascok ohitura hartu zuen gauez burezurrak lurpetik ateratzeko. Baimenik gabe, bistan da; baina egunez bizidunak sendatzen zituenez, barkatzen zitzaion (badakizue: udatiar moloienak zarauztartzen ditugu). Ale batzuk Paul Broca antropologoari bidali zizkion Parisera; eta hortik aurrera, uda izkira bila pasatu ordez, badakizue zeren arrastoan aritu ziren. Brocaren joan-etorrien ondorioz bukatu dute zarauztarren buruek Musée de l'Homme-n. Nahiz eta, egia esan, hamaika toki egokiago bururatzen zaizkidan gure cro-magnontasuna aztertzeko, herritik atera gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.