Blanca Urgell
LARREPETIT

Bistan da ezetz

2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Ezin esan gure literaturan deboziozko liburuak gehiegi direnik. Diogun, bada, bestelakoetan eskas gabiltzala» zioen Mitxelenak (1953). Deboziozko liburuen (berezko? balizko? ustezko?) aspergarritasuna estakuru ona da Txomin Agirre baino lehen idatzitakoari ez heltzeko. Nork esango ezetz gaurko munduan? Eta halere...

Margarita, / badaidita / othe huts zin egitez, / begiz urdin / bezain gordin / zarela zur'egitez? hasten den Oihenarten poema (1657) buruz ikasi nuen garai batean. Este era un rey que tenía... Ruben Dariorena ikasi banuen —oraindik nahiko ondo gogoratzen dut—, Oihenartena zergatik ez? Behartuta behintzat ez nuke egingo, harako hura bezala. Zaila dela ulertzen? Tira: sarean aise aurki daiteke Altuna eta Mujikaren edizioa (Euskaltzaindia, 2003), erdara bietan eta ohar argigarriz. Ezagutzea haren poemak ezagutzea bada, baliteke Oihenart gure idazle ezezagunenetako bat izatea, baina gure klasiko handienetako bat ere bada, eta laiko gutxietako bat. Euskal literaturaren historia eklesiastikoak barregarri bihurtuta, akaso.

Nolatan ez ginen konturatu Lazarraga (eta Sasiola!) agertu arte XVI-XVII. mendeetatik berreskuratutako amodiozko poesiak ezaguturik, artean Rafael Mikoleta bilbotarrak aipatutakoak —berriki Azkoitiako notario-paperen artean aurkitutako «Ene laztan goxo ederra» poema-zatiak ere sartu behar—, Hegoaldean ere elite euskaldun bat izan genuela, euskaraz goi-mailako poesia lantzen zuena? Gorde diren puxken tamaina txikiak hartaratuta bakarrik, ala gure dramatismorako joerak itsututa? Hauxe dut nik gogokoena: «Katigatu ninduzun librea nintzana. / (...) Ausentzia triste gogor kruela, / nolan hilgo nozu orain honela. / Despedidan indazu laztan bat, laztana. / Nizaz eras daizu gura dozuna».

Zer gara gu? Nor gara gu? Dena gatazka behintzat, bistan da ezetz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.