Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gu bezain arrotz

2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Far West urrunean Alan Ladd saloon batera sartzen da Shane filmean. Sartu eta atoan barruan dagoen orok begiratzen dio. Arrotza sartu da, eta arrotz sentiarazi behar zaio, horrek bilakatzen gaitu-eta gu, eta hura, kanpoko. Arrotza hori baita, gu ez diren beste denak. Ateak zabaldu orduko arrotzak (hots, Laddek) badaki hor barruan aurkituko dituen aldarte eta begiradak ez direla abegikorrak izango. Alan Laddek ez dauka errebolberrik, eta gitarratxoa eskuetan balu kantatuko luke, ozen, herrialde guzietan toki onak direla, baina gose da eta musika tresnarik ez du. Luzea izan da bidea eta GPSak hor jatetxea dagoela esan dio. Hautsa astindu eta barrura sartu da. Saloon barruko bazter batean Txomin Artola hasi da kantari, goizeko euri artean. Alan Ladd, baina, ez da kukuldu sartu eta atoan gezi pozoitsuak diren begiradak sentitu dituenean; behearen gainean utzi du zakutoa. Bazkaltzeko tokia eskatu du. Baztertxo esango liokete Laddi eman dioten lekuari azkoitiarrek copyright-ik izango ez balute. Badute, baina. Eta hortaz, mahaia deitu diote lekuari. Ez dute jateko askorik, «betiko zopa» eta «arrautz opila». Alan Laddek pentsatu du bihotzak diotsola zoaz Euskal Herrira, baina berehala jabetu da; Potxua, Euskal Herrian zaude!

Ur epel gazi bakoa atera diote dantza egiten duen plater batean. Lehen koilarakadan jabetu da hark hidrataziorako balioko diola soilik. Euskal opil klasikoa ostean. Arrautza bakarra, hain bakartia, laster Viernesekin topo egingo duela baztertxoan, alegia, mahaian. Ogia eskatu du Alan Laddek. Behintzat simulakrorako balioko dio. Arrautza bakarreko euskal opila sartu du ogitan: euskal ogitartekoa. Kafea eskatu du amaitzeko.16,75 euro. Uso-pasan usoari, pam!

Alan Ladd hotzak dago eta etxera nahi du. Irteterakoan jabetu da saloon gaineko balkoian ikurrina horia dagoela, ongi etorri errefuxiatuak dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.