Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Mundu abegikorra

2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Juan Luis Galiardo (San Roque, 1940) antzezle espainiarrak aitarena egiten zuen Familia filmean. Fernando Leon de Aranoa (Madril, 1968) zuzendariak 1997an egindako pelikula hura distopia zatekeen egun. Nik, baina, aurreiritzi barik ikusi nuen, eta aitortu behar dut hasieran nahasi samarra egin zitzaidala. (Spoilerra egitera noakizu, hortaz, bospasei lerro jauzi egin ezazu). Bakarrik bizi zen gizonak urtebetetzea ospatu nahi zuen, eta egun batez simulakroan bizi. Gizarteak normaltzat hartzen dituen gauzek mugarritzen gaituzte, maiz,itotzeraino. Baina Santiagok(J.L. Galiardok egiten zuen lana) normala izan nahi zuen, horregatik alokatu zuen familia bat. Eta pelikulak aurrera egin ahala niri urdailean esofagoan oihartzun egiten zuen zuloa zabaltzen joan zitzaidan. Hogei bat urte joan dira, eta gero eta posibleago ikusten dut artean ezinezkoa iruditzen zitzaidana.

Leon de Aranoaren filmarekin gogoratu naiz lehengoan Japoniako istorioa irakurtzerakoan. Ba omen dago negozio bat Japonian izugarrizko arrakasta izaten ari dena: lodi dagoen pertsonak alokatzeko negozioa. Orduko 2.000 yeneko (15 euro) prezioa du. Antza, Japonian lodi gutxi dago, eta batzuei ikusmin itzela (morboa ere bai, ziurrenen) eragiten die horrelako pertsona batekin egoteak. Ehun kilotik gora izan behar dituzu bertan egoteko, katalogo batean. Hegaluze latak edo garbigailu markak dauden bezala, gizakiak ere katalogoetan gaude. Azalpena ankerragoa da, modelo lanak egiteko aloka ditzakezu, argaltze dieta bati ekiteko, edota zu baino lodiago den norbait egoteak ondo sentiaraz diezazukeelako. To eta no! Dirua duenak edozer eros/aloka dezake; Indiako neskatila bat 24 dolarrengatik, edo Mozambikekoa bi dolarrengatik, edota aberats herriotako gure gorputz likitsuak onartzeko hobeto sentiaraziko digun ehun kilotik gorako pertsona alokatu. Oso mundu abegikorra geratzen ari zaigu, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.