Blanca Urgell
LARREPETIT

Eid Al-Adha

2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Bart senide batek labean erretako arkumearen irudiak bidali zizkidan. Gaur (atzo zuretzat, irakurle) Arkumearen Jaia ospatuko dute etxean, jaialdi musulman handia. Abrahamek jainkoaren aginduz Ismael semea hiltzear egon zen Testamentu Zaharreko une hura gogoratzen du Eid Al-Adha-k: «Sakrifizioaren jaialdia».

EHHAren 730. mapa ikusirik, kontxo, ba, orain «errealizatu» dut (anglizismoa barka balekit) arkumea edo artxoa jan izan dudala nik, ez bildotsik, ezta axuririk ere. Nora joan eta han zer jan. Gastrodialektologia. Artxo Zornotzatik mendebalderantz markatzen du mapak, Mundakan eta Elantxoben ere bai (Gernika alderago entzuna dut nik, eta jana). Gainerakoan, maparen sandwichean azala axuri-k egingo luke, tarteko ezker-eskuinak bildots-ek eta barnekoa arkume-k. Baztertuago eta zaharrago balitz, ulertu ohi den bezala, antzina axuri nonahi zegokeen, adierak adiera, eta gero bildots-ek baztertu zukeen, eta geroago arkume-k bildots. Otzan-otzanak ez dira, hortaz, ardiaren kumearen izenak.

Arkume-k erdialdeko berrikuntza dirudi. Noizkoa, eta badugu ante quem data: ardi-ren bigarren silaba Erdi Aroan galdu zuen, X. mendea baino lehen. Zehazki, azken bokala galduta d > t gertatu zen elkartu-eratorrietan (ardi- > art-). Bilakabidea gardenki erakusten du artantzu-k 'ardi antzua' (< *ardi-antzu), baina bada t horren lorratzik g > k aldaketan, hala nola arkorotz (<*art-gorotz) eta arkazte-n(< art-gazte). Honek erakusten digu, bestalde, artalde ez dela *ar-talde nahitaez, ziurrenik *art-alde baizik, nahiz gero hiztunok ar-talde berranalizatu, eta are talde lexikalizatu ere. Hizkuntzaren mirariak.

Aldeek eta alderdiek banatzen gaituzte, baina taldeek batzen, eta jaiek ere bai. Gaur arkumea jan behar duzuenoi, bai eta arkumerik, ez eta ezelako okelarik jaten ez duzuenoi ere: 'Atamanaa lak wajbatan shahiatan! On egin guztiok!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.