Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Kaleetan barna

2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Nik beti maite izan dut desorduetanhirian barrena galtzea. Bakardadean ibiltzeak beti balio izan dit nire burua lasaitzeko, antolatzeko, ideiak izateko ere bai. Hiriaren bakardade horrek badu amultsua egiten zaidan zer. Inork galdetuko balit noiztik maite dudan desordutze hau, ez nuke jakingo asmatzen. Inork galdetuko balit noiz sortu zitzaidan aspaldian sentitzen dudan beldur hotz hau, kontatu beharko nioke goiz urrun batean jazotakoa, lanera bidean. Hala ere, ondo pentsatuz gero, ziurrenen, etorriko zitzaizkidakeen osterantzeko uneak. Izan ere, emakume bat beldur hotz horrekin hazten da.

Duela egun batzuk, goiz iluneko hotzetan, etxe azpiko moilan aparkaturik nuen autoaren bila joan nintzen. Nire kotxera baino dozena erdi lehenago kristal hautsi apurrak lurrean eta auto batzuetako zulotzarrak ikusi nituen. Ukabilak estutu eta sakelakoa bilatu nuen, artega, premiazko deia egin behar banuen atoan egiteko. Ezer ez zen entzuten, baina hor zegoen berriro, beldur hotz hori. Kukututa egon da, baina dagoeneko ez dago etxeratze-agindurik, libre gabiltza. Libre dabiltza. Kontraesanaz ondo jabetuta nago. Nork maite ditu debekuak, hara-hona egiteko askatasun mugatze hori? Iraun duen bitartean, baina, aspaldiko patxada hura berreskuratu dut. Eta esango nuke ez soilik nik, emakume askok sentitu dugula. Simulakro bat izan da. Kaleetako desorduak ez dira guretzat seguruak. Harritzen nau zein naturaltasunarekin bizi dugun beldur hori emakumeok, eta zein ezezaguna den, maiz, gizonezkoentzat. Saihesteko, beti gauza bera proposatzen digute: etxean gelditu zaitez, zure mugarrietan. Arriskua zero, esaten diote horri. Baina... eta gizonezkoak gelditu beharko balira ordu batzuetatik gora? Bai, etxeratze-aginduaren kontra nago ni ere; gainera ez da demokratikoa, eta konstituzionaltasun oro urratuko ditu, ziurrenen. Eta hala ere, aitor dut: batzuetan kontraesanek gainezka egiten didate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.