Blanca Urgell
LARREPETIT

Euskal pantonea

2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Hamaika kolore oinarrizko omen daude irudiak deskribatzeko: beltz, urdin, marroi, gris, berde, laranja, arrosa, purpura, gorri, zuri eta horia. Halere, aditu batzuen ustez zehatzak izateko beste 28 behar, artean turkesa, menda-berdea, borgoina, magenta eta aran kolorea, kasu.

Erdaraz tira, baina euskaraz dexente ez ditut sekulan esan, ezta entzun ere. Dena dela, argi dago euskarak denborarekin kolore izen gehiago bereganatu dituela, maileguz (berde XIV. mendetik) zein kalkoz (izpiliku edo izokin, demagun). Hamaika oinarrizko horietan ere, bostez beste guztiak mailegu ditugu: beltz, urdin, gorri, zuri eta horia. Hona hemen euskal pantone osoa.

Noizkoa, ordea? Izan ere, guztiak elkartu-eratorriak dira: gor-i, zur-i, hor-i (< gor, zur eta hor 'txakurra'), ur-din (konparatu gor-din edo ber-din) eta zailena: bel-tz (*hor-tz bezala), Lakarrak erakutsi duenez. Beraz, oso litekeena da antzinako aitzineuskara batek ez izatea horrelakorik batere edo, izatekotan ere, Nigeriako igboeraren antzekoa izatea, aurreko batean esan nuenez. Igboeran (Dixon 1977) bi kolore baino ez daude, oposaketa garbian: batak 'beltza'/'iluna' adierazten du, eta besteak 'zuria'/'argia'. Koloreetan hierarkia bat dago (Berlin & Kay 1969), gainera, zeinaren arabera bi kolore izanez gero zuri eta beltz izango diren, igboeran bezalaxe; bat gehiago izatekotan gorria, gero berdea eta horia parean, geroago urdina, hurren marroia, eta abar.

Ez da harrigarria, bada, zuri, beltz, gorri eta hori, eta are urdin ere zaharrak izatea (hain zaharrak ez izan arren). Ezta akitanierazko idazkunetan (K.o. I-III. mendeetan) euskararekin aise lotzen diren hitzetan belex (*beletz irakurtzekoa, agian beltz-en aurrekaria) eta gorri baino ez egotea ere. Gure zientzia honek ere bai baitaki aurreikuspenak egiten, aurreikus dezagun idazkun gehiago agertzekotan, zoria lagun, suri ere agertuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.