Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Durango 2021

2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Lehengoan sare sozialetan (izen-abizenak ezkutuan) ukatzen zuen (ezjakin) batek euskara eta katalanera Unescoren arrisku gorriko hizkuntzen zerrendan egon zitezkeenik. Belaunaldirik belaunaldi ezelango arazo barik transmisioa bermatuta dagoela zioen. Egun batzuk lehenago Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Kataluniako hezkuntza gutxienez %25 espainieraz eman behar dela, hizkuntza murgiltzea zulatuz. Bai, irakurle maitea, hizkuntzak denborak desagerrarazi egiten ditu. Inork ez die trabarik egiten, inork ez du euren kontrako legerik ezartzen; hizkuntza oro daude horizontaltasun demokratikoan.

Erretratu zaharrak begiratzeak beti dakarkit atmosfera bera, zuri-beltz marruskatua, higatua. Durango zaharrei atzera begira egiterakoan hotza dator, zigarro bako lurrun zirkuluak. Kultura amaraun mehekoa dugu, kea lakoa zenbaitetan. Edozerk apur lezake gure trinkotasuna, birus indartsu batek edota eskukada batek. Marasma bat etxeko leihotik kentzen duzun bezala kendu daiteke urteetan ondutakoa. Gure ahuldadeetan indartsu gara, baina gure indarguneetan, ahul. Beti justifikatzen, arrazoitzen, defendatzen ulertezina dena batzuentzat, logikaz beterikoa besteontzat. Hil berri den Almudena Grandes idazle espainiarrak zioen idazten den oro dela ariketa ideologikoa. Eta hortik harago eramango nuke nik: sortzen den oro da ariketa ideologikoa. Agian hortik ere badu suntsitze jarduera horrek: ni ez naizen horrekin amaitu nahi izatea. Ni ez naizen horrek naizen hau kolokan jartzen duelako. Bai, joan zait. Baikortasuna agindu nuen eta azoka nazional nagusiaren atarian ezkortasunetik ari natzaizula pentsa zenezake. Baina ez, baikor naiz. Badakit hor kanpoko hotz horretan zu zaudela. Eta zu. Eta zu. Eta beste hura ere. Eta horrek ematen dit indarrik. Marasma hauskor gara, behe laino artean nahi baduzu; baina gara. Gaude. Etsita batzuetan, baina irmo eta tinko gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.