Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Pank eta punk

2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Zuri-beltzezkoa da niretzat Nina Hagen; izoztuta geratu zait, beltzuri grisaxka artean, makillaje deigarri eta keinu zoroak egiten zituen emakume hura. Hamaika edo hamabi urte izango nituen, hamahiru agian, lehenengoz telebistan ikusi nuenean. Kantaera berezia zuen eta gure amak (beti kantatu izan duena) esaten zuen ahotsa ona zuela, baina kantaera txarra. Oraindik ere, noizean behin, entzuten dut Nina Hagenen kanturen bat. Angela Merkel-ek ondo ederto ezagutu izan du eta bere bizitza politikoaren agurrean hautatu zituen hiru kantuetatik bat Hagenena zen, punkia. Hagen beti apurtzaile, nahi ez duenean ere bai. Koloretako argazki-pelikula ahaztu duzu eta orain inork ez du sinetsiko zein ederra izan den. Ederra iruditu zaio Europako botererik gehien izan duen pertsonari bizi izandakoa? Lankide musikazale batek esan zuen: Politikari batek bere bizitza publikoari giltza emateko kantu punk bat aukeratzen badu, itxaropena dago. Merkel, baina, ezberdina da.

Edonola ere, esan behar da Nina Hagen ere aldatzen joan dela. 80ko hamarkadan publikoki (eta apurtzaileki) itzelezko kalapita eragin zuen emakumeon masturbazioaren alde egiterakoan. Gerora, ostera, adierazpen bitxiak egiten hasi zen; jainkoarekin alemanez ziharduela eta bestelakoak. Hor urrundu nintzen. Gero, duela urte batzuk, beste gauza batzuen bila nenbilela Frantziako telebistaren batean Nina Hageni egindako elkarrizketa aurkitu nuen. Hindi Zahra abeslariarekin zegoen (Beautiful tango kantu ederraren sortzailea) eta bien artean sortu zen oso lurtarra zen zerbait. Oholtza eta distira orotatik at baino gerta ezin daitekeena. Eta berriz ere bereganatu ninduen. Agian Merkel-i ere hori gertatuko zaio orain oholtzatik behera. Hezur-haragizko bihurtuko dela, eta, beharbada, inork ikusten ez duenean Hagenen New York New Yoooork kantatuko du ozen eta erabat aske.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.