Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Egongelako beroan sortuak

2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Etxeko berotan, kafe bat eskuetan, Hazparne eta Bastida zeharkatzen ari naiz Google Street Viewri esker. Ez nuen berton amaitu nahi baina jazoera bik eraman naute horra: Martin Larralderen heriotzaren bigarren mendeurrenak eta EƱaut Elorrietak eta Uxue Alberdik kantatutako Inesa Gaxen kantuak. Hirukoa sortu dugu berrehun urteko aldearekin. Gure bizitzek ez dute zerikusirik, agian batzen gaituen gauza bakarrenetarikoa izan liteke darabilgun hizkuntza.

Sarean dabilenak badaki, jakin, abiapuntu ziurra izan arren sororik soro ibil zaitezkeela noraezean eta beti aurkitzen dela zer. Eta nor. Hazparne eta Bordaxuri utzi ostean, Bastidako etxe eder artean Inesa Gaxenen bizitzan barneratzea erraza izan da. Bilaketa honi esker jakin dut Pierre de Lancre-ren benetako abizena euskalduna zela, Rostegi. Aitatxi Bernatek abizena aldatu zuen Bordeleratzerakoan. Neure buruari galdetu diot emakumeon aurkako herrak ez ote zuen horrekin (ere) zerikusirik.

Sorginkeriaz asko idatzi da. Badu Silvia Federicik liburu ezaguna, Caliban eta sorgina, zeinetan luze eta zabal jarduten duen horren gainean. Berak hamarkada luzeetan emakumea otzantzeko ahalegina (eta exekuzioa) kapitalismoaren sorreratzat dauka. Ezer ez da kasualitatea, bizimodu batekin amaitzeko asmo zindoa da. Umontziak eremu politiko bilakatuko dira, eta emakumeen gorputzen gaineko erabakiak, estatu ebazpen. Oraindik bada, izan, abortatzeagatik emakumea kondenatzen duen herririk. Hain urrun joan barik, bada oraindik elizgizonik pentsamendua De Lancre eta enparauengandik hurbilegi duena.

Inesa Gaxen harrituko litzateke bere izena ikusiko balu hemen eta han, kantu batean, edota kultur etxe zein kale labur eta meharrean (Eulalia Abaituak duenaren oso antzerakoa, bide batez). Zein zaila den iragana irakurtzea. Pentsatu ditzakegu, eta sentitu ere, baina gure galbahetik begiratutakoa da dena; urrun, oso urrunetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.