Albistea entzun

LARREPETIT

Heroikoak

Samara Velte -

2022ko urtarrilak 14

Kazetaritzaren gaitz endemikoetako bat dira miopia eta amnesia. Eztandaren unean eztandaren tokian egon behar dugula irakasten zaigu komunikazio fakultateetan, baina leherketaren aurretik zer zegoen begiratzea, eta ondoren zer gertatzen den behatzen jarraitzea, hori gutxitan bihurtzen da albisteetarako material.

Abuztuan, lehorte informatibo betean, egunkarietako orriak eta sare sozialetako timeline-ak asetzeko bazka paregabe bihurtu zen Afganistan, talibanak boterera heldu zirenean. Erbesteratzeko aukeraren baten esperoan Kabulgo aireportura arrapaladan zihoazen afganiarren irudiek sentsibilitate guztiak piztu zituzten astebetez, AEBetako soldaduen irudikapen heroikoekin batera.

Bereziki ezaguna egin zen argazki bat: bertan, Kabulgo aireportuko horma baten aurka pilatutako jendetzaren gainetik, beso bat ikus zitekeen bi hilabeteko haur bat airera jasotzen, hormaren goiko aldean zeuden militarretako baten eskuetara. Horra, hogei urtez herrialdeko zibilak bonbardatu zituztenen errepresentazio heroikoa. Irudiokin kapitulua itxi genuen, iraila heldu zen eta gure eguneroko eztandatxoetara itzuli ginen.

Orain argitaratu du Reuters agentziak argazki haren jarraipena: antza denez, Kabulgo taxi gidari batek lurrean topatu zuen kaosaren ondoren bi hilabeteko umea, norena zen jakin gabe. Etxera eraman zuen eta han izan du duela gutxira arte, harik eta haurraren aitona-amonak topatu dituen arte, gurasoak AEBetara erbesteratu baitziren abuztuko egun hartan. «Bozkarioa, Afganistango erretiradan familiarengandik banatutako ninia berriz senideekin elkartu delako», titulatu dute Mendebaldeko hainbat egunkarik. Bakar batek ere ez du aipatu begi bistakoa dena: haurra besoetan hartu zuen soldadu hark, uneren batean, abandonatu egin behar izan zuela ezinbestean.

Kazetaritzaren beste gaitzetako bat baita, sarri, norbere komunitatearen irudia eta haren heroiak kuestionatzeko gaitasun falta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.