Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Dena da kultura

2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Gero eta gehiagotan gorrotatzen dut berba bat: entretenimendua. Batez ere amorratzen nau sorkuntza lanekin (on zein txar) lotzen denean. Sormen lanak fribolizatzeko eta menosteko ezin aproposagoa da. Poesia eta literatura, orokorrean, entretenimendua dira; musika entretenimendua da; antzerkia, dantza, zinema... dena da entretenimendu. Kultura den indar sismikoa neutralizatzeko erabaki duten janzkera da. Kultura, berriz, arima da; enborra, oinarrizkoa. «Erabiltzen ditugun hitzak gara», zioen Jose Saramagok, eta jabetu naiz nire inguruan ere zelanbaiteko kutsadura gailentzen ari dela. Gauza serioak daude, funtsezkoak, jatekoak, eta gero beste hori dena, mundu aberatsetako gizaki pribilegiatuek zuen zulo antzu horiek estaltzeko erabiltzen duzuena: musika, literatura eta hori dena. Mundua kontatzeko, diozue, baina zuen asper orduak betetzeko baino ez da, diote.

Kulturak, plazera emateaz harago, identitatea ematen digu; gu egiten gaitu. Baina ez gu isolatu bat, kulturak bestearekin ere baduelako zerikusia. Kultura zubiak dira, beste lurralde eta espazioetara garamatzatenak. Kulturak gakoak ematen dizkigu: bizitza ulertzeko, haserretzeko, matxinatzeko eta hazteko. Kultur izakiak gara, ezer bagara, eta eboluzioa da horren lekuko.

Baina kultura arriskutsuegia da, hain zuzen ere, horregatik, gu egiten gaituelako. Entretenimenduaren funtsa zer den ondo dakien Moises Chiver ekoizle mexikarrak solasaldi batean zioen entretenimendua egitea kultura egitea dela. Ala bada inor pentsatzen duena ezelango lorratzik uzten ez duen entretenimendurik dagoela? Honek ez duela hezten eta ideologizatzen?

Herbehereetako Wageningen Unibertsitateak eta AEBetako Indiana Unibertsitateak egindako ikerketa baten ondorioa harrigarria da: azken berrogei urteotan arrazionalitatea baztertzen ari gara, eta gizabanakoari emozioa ari zaio gailentzen. Eta pentsatu dut: entretenimenduak 1-0 kulturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.