Blanca Urgell
LARREPETIT

Biziko den seinale

2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Irratia piztu dut autoan. Normalean rocka daramat, baina euskarazko irratia ipintzen ari naiz azkenotan. Iruditzen zait pandemia hasi denetik euskaraz gutxiago eta gutxiagorekin hitz egiten dudala. Oro har gutxiago eta gutxiagorekin hitz egiten dut, bai, baina erdara ez dut eskas, euskara baizik. Honegatik iruditzen zait lotu natzaiola euskarazko irratiari. Karmele Gisasola mallabitar harri-jasotzaileari entzuten itzuli naiz.

Irratia elkarrizketa hasita piztu eta bukatu gabe itzali beharra: hauxe txarra. Gainerakoan, gozatu. Beitu zergatik. Besteak beste (eta beste asko egon dira) Gisasolak gehienetan nas 'naiz' esan badu ere, behin na itzuri zaio. 80ko hamarkadan banuen adiskide etxebarritar bat, eta hari entzun nion lehenengo.

Yrizarrek (1992) jasotakoarekin konparatuta, badirudi na zabalduz doala Bizkai ekialdean, berak orduan Berriatuan bakarrik entzun zuenez gero. Hedatuago topatu zuen sa 'zara' (Etxebarria, Bolibar, Barinaga, Mallabia), nahiz tarteko saa ere entzun zitekeen. Joerari amore emanez, naiz, zara, da paradigma irregularraren ordez zeharo erregularra sortu dute han: na, sa, da.

Fonetikak bere lana egin du zara > saa > sa bihurtzen; nas > na aldaketan ez dago fonetikarik, ostera: itxuraz, hiztunek -sdagos-eko pluralgilearekin lotuta kendu dute nas-ekoa. Hiztunek berez egin dutena baino gehiago egin zuen Azkuek (ustez) arrazoiaren arabera Euskal Izkindea lehen gramatikan (1891): nai, hai, dai. Hamar urte ere ez ziren bete, eta honelakoak alde batera utzita bizkaiera txukunean idazteari ekin zion Euskalzale aldizkarian-eta, eta geroago gipuzkera osotuan.

Azkueren bihurrera onerako izan zela esan genezake gaurko ikuspegitik. Berak sortu gaitu, hein handi batean. Gisasola bezalako emakumeek sortuko dituzte hurrengoak. Bitartean euskal aditzak aldatzen segituko du, betiko lez. Eta hori ona da, biziko den seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.