Blanca Urgell
LARREPETIT

Sahararantz begira

2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Unamunok 1931ko irailaren 18an eman zuen hitzaldi garrantzizko bat Diputatuen Kongresuan, estatuko hizkuntzak zirela eta eztabaidan baitzegoen konstituzioan «beste» hizkuntzek espainolarekiko izan behar zuten legezko tokia. Han euskarak hitz abstrakturik berez ez duela baieztatu zuen. Eusko-nafar gutxiengoko diputatu batek «Eta gogua?» ozen galdetuta, Aitiaren, eta Semiaren, eta Gogo dontsuaren izenean aitaren egiteko garbizaleen formula «...y de las ganas de comer» itzuli zuen. Unamunok bazirudien ez zela nornahi hizkuntza kontuetan, euskarari buruzko tesi batekin doktoratu baitzen, Salamancako Unibertsitateko grezierazko katedra lortu, eta are Filologia Konparatukoa ere gero. Jakin behar zukeen zehatzetik abstraktura doazen metaforek hizkuntza guztiak aberastu dituztela. Hauxe da latin pensare-ren bilakabidea, kasu: indoeuroperaz 'tenkatu, irun' > latinez 'eskegi' > 'pisatu' (hots, 'balantzan eskegi') > 'pentsatu', baita 'ordaindu' ere (cf. pentsio eta pentsiodun). Bonus track: pentsatu eta pisatu erro beretik datoz.

Gogo hitzak ez zuen arrakastarik izan espiritu ordezkatzekotan —beharra ere gutxitu, nonbait—, baina Unamunoren txantxa, gehienek barrez entzun omen zutena, eta gutxiengoak minez, bizi-bizirik dago.

Unamunoren pasadizu haren bila «Riftarrei agur» beraren poemara heldu naiz (eta ezustean Moroak gara... Sarrionandiaren liburuaren izenburura: ai!). «Zer nahi dute zuengandik gizon kosmopolita haiek? Urrezko txahalarenek, altxorra, bihotza, barruan preso dutenek?». Unamunoren gogoa-rena barrez entzun zuten haiexek ez zuten poema hau barrez irakurri. Eta guk, zer? Urrezko txahalaren gurtzaileek utzi baitigute sahararrei ostatu ematen, baina zeren truke? Zer nahi zuten, zer nahi dute eurengandik? Non dago euren, non dago gure bihotza? Leizarragak itzuli zuenez, Ez albeileki hireezkerrak zer egiten duen hireeskuinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.