Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Salbazioa

2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Galiziako Rias Baixasera egindako osteratxuan ezagutu nuen bidaia-lagunaren adiskide zen gizon bat. Galizieraz bizi zela esan niezazuke, baina… Hegemonikoak ez diren hizkuntzak darabiltzagunok antzerako kezkak eta zalantzak izan ohi ditugu. Horren gainean aritu ginen luze eta zabal. Uneren batean galdetu zigun euskararen geroa ziurtaturik ote zegoen. Bidaia-lagunak eta biok atoan erantzun genuen. Bai, esan zuen bidaia-lagunak; nik, ostera, berehala esan nion ezetz. Solasaldi honegaz gogoratu naiz egunotan. Bilbo da planetan euskaldun kopururik handiena duen hiria. Laurden batek daki euskara. Erabilera, berriz, beste kabia bateko txoria da. %3'5ek soilik erabiltzen dute. Ez da nik asmatutako datua, Soziolinguistika Klusterrak emandako datua da. Zergatik ote? Euskara salbatuta dagoelako izango da. Uste dut euskaldun askok pentsatzen duela dagoeneko euskara salbatuta dagoela eta libre direla nahi duten hizkuntza egiteko. Hots, pisua kendu dutela gainetik, korrontearen kontra ibiltzeak ematen duen nekezia amaitu delako; alegia, 100.000 piezako puzzlea amaitzeak ematen duen liberazioa sentitzen dutela.

Sophie Howe da Galesko Datozen Belaunaldietarako Ordezkaritzaren arduradun, eta bere zereginen artean dago egun galestarrek hartzen dituzten erabaki eta legeek etorkizunean biziko diren galestarrengan eragin litzaketen gorabeherak neurtzea. Etorkizuna. «Apokalipsia edo suntsipena delarik, guk gozatzen jarraituko dugu», erantzun dit lagun batek %3'5ekoa kontatu diodanean. «Etorkizuneko gizadiak erruduntzat hartuko gaitu», dio irmoki Roman Krznaric filosofoak lerroburu batean. Eta bitartean, zer? Gure belaunaldi erosotua izango al da desagerpenaren erantzulea?

Ni Artzerekin gogoratu naiz, taberna batzuetan zegoen harlauzarekin: «…hizkuntza bat ez da galtzen»; eta dagoeneko kilometrotako bizarra izango duen Arestirekin ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.