Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Etorkizunak eta iraganak topo egitean

2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Irulegiko Eskuak askorako eman du, solasaldi interesgarri askorako abiapuntu izan baita. Bideak, baina, hamaika sigi-saga izan litzake, eta geraleku bitxietan utz zaitzake. Horietako batean txirikordatu ginen lagun bat eta biok. Nire lagunak uste du bere sortze lanak ez direla geroan agertuko. Ez kalitaterik ez dutelako, emakumea delako. Eta hain izan du argi horrela izango dela, susmo beltzak uxatzen eman dugula denbora luzea.

Gutxi dakigu iraganaz, eta dakizkigun apurrak gure aurreiritzien galbahetik pasa ostekoak izan ohi dira. Iragana gizonezkoek kontatu digute, eta zirrikituren batetik emakumezkoren baten izena agertu denean beti kolokan jarri izan da. Auskalokeria. Liluragarria da ezabatze lan horretarako hartutako lana. Gizon eta emakumeen egiletzak begiratzea besterik ez dago. Gizonezkoenak zirrikiturik ez du; emakumezkoenak, ostera, zalantzaren gandua du beti. Adibidez, Lazarragaren eskuizkribuan agertutako poemak. «Maria Estibaliz de Sasiolarena», dio. Wikipediara bazoaz, zalantza begi-bistan dago: «agian, euskal idazle eta olerkaria izan zen; hala izan baldin bazen, euskal idazleen artean lehen emakumezkoa bide da. Egun, Joan Perez Lazarragakoaren eskuizkribuan jasotako hiru olerki harenak diren ala ez ebazteke dago».

Parisen jaiotako Marylène Patou-Mathis historiaurrean aditua da, neandertalez gehien dakitenetakoa. Idatzitako liburu batean (Historiaurreko gizakia emakumea ere bada) emakumearen gainean dauden aurreiritziak agerian uzten ditu. «Historiaurrean gizona emakumearen gainetik zebilela adierazten duen zantzu zientifikorik ez dago».

Gonzalo Torné idazle eta filosofoak dioen bezala, etengabe ari gara historia berrinterpretatzen. Gerorako, baliteke hitz bakarra gelditzea, gutaz deus gutxi esango duena; eta berba horretan egongo da, bi mila urte barru, hiru milioi pertsonaren lekukotza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.