Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Etxebizitza kontuak

2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Belagua ingurua ere zuritu da eta hotz egiten du egunotan, leku denetan. Etxerako bidean zubipean edo kale bazterretan lo egiten dutenak ote dauden begiratzen egon naiz, baina ez ditut ikusi. Hotzak datozenean kalean bizi (edo) direnak aterpetxetara joan ohi dira (edo eramaten dituzte) hiri honetan. Espainia eta Frantziako konstituzioetan ageri da frantziar eta espainiar nazionalitatea duten pertsonek eskubidea dutela etxebizitza izateko. Lehenak dio duina eta egokia izan behar dela. Bigarrenak, aldiz, duina eta independentea. Nik kalean bizi diren horiek ezin ditut irudikatu ezta frontoietan, etxebizitza zozketetan, zain; erakunde publikoek diruz sustatutako etxebizitza horietarako suertea aldeko izango ote duten, zain. Ez dute aldeko.

Irakurri berri dut babes ofizialeko etxe gehiago eraikiko dituztela Hegoaldean. Ai horietakoren batean balute abaro nire kale inguruko gorrian bizi diren horiek. Ai, baina ez dut uste. Begiratu dut babes ofizialeko etxe horiek alokairukoak edota jabetzakoak izango ote diren. Gehienak jabetzakoak dira. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan 2005-2019 tartean eraikitako etxebizitzen %18,3 baino ez da alokairukoa. EAEko Etxebizitzaren Behatokiaren datuak dira.

Nik beti izan dut zalantza-malantza babes ofizialeko etxebizitzen jabetzarekin; gero eta argiago dut alokairuzkoak izan behar direla, norberaren soldataren araberako alogeradunak. Azken aldiotan, baina, zalantza are eta gehiago urritzen doakit. Izan ere, babes ofizialeko etxe izandako batzuk libre bilakaturik, legeak araututako preziotik aske, izugarrizko dirutzak eskatu dituzte. Mozkin itzeletatik ezer ez du jasoko administrazio publikoak bueltan, hots, hiritarrok.

Viena hiria eredugarria dela esan dit ezaguna dudan arkitekto batek. Hiritarren %60 bizi dira alokairu luze neurtuetan, irabazien araberako prezioa dutenak. Bai, gero eta argiago dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.