Blanca Urgell
LARREPETIT

Oro badoatzi

2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Jean Etxepare Bidegorriren artikulu baten hasiera da, ikasle garaian harritu ninduena (panta rei euskaraz? Hara!). 2022. urtea ere badoa, eta berarekin batera hainbat gauza joan dira. Batzuk behin betiko. Sentipen horri etxetik at bazka gehiago emateko asmo sendoaz, urte honetan hil diren ospetsuen zerrendak bilatu ditut. Erdeinua, ezaxola, harridura, jakin-mina, oroimina eta tristura sentitu ditut testu-argazkiak birpasatzerakoan.

Ulutxo bat itzuri zait William Hurt aurkitzerakoan, baina. Halabeharrezko turista filma hamaika aldiz ikusi dut, eta Anne Tylerren eleberria hamabi. Geena Davisi eta biei ezin eskertuago nago, baita Hurten arrebarena egiten duen Amy Wrighti ere. Aldiz, egileak prestatu zituen lakio eta sare guztietan gogotik jausirik, Kathleen Turner gorroto dut film honetan (honetan soilik). Dudarik gabe, nire subkontzienteak du ezabatu Hurten galera tamalgarria.

Filmak badu sarrera euskarazko Wikipedian, baita Hurt, Davis, Turner eta bestek ere. Itzela da gure Wikipedia: ez dakit behar beste konturatzen garen. (Bidenabar, gailua euskaraz konfiguratuta badut ere, The accidental tourist jarrita ingelesezkoa ez ezik, espainolezkoa ere euskarazkoaren aurretik agertu zait, lehengo egunean Sustatu-k susmatu bezala). Alta, Wright ez dago: inor aurreratzen ez bazait, neuk egingo dut ikasleen azterketak zuzentzen bukatutakoan.

Hurt agertu zaidan hil-zerrenda hartan ez ditut aurkitu hurbilenetik joan zaizkidanak. Ezinezkoa zen, baina ez DA ezinezkoa. Sarean 2022an Euskal Herrian hil direnak jarri eta «hemezortzi langile dira dagoeneko» agertu zait aurrenik. Apirilaren 19an zioen hori Argia aldizkariak. Ez dut erantzun hoberik aurkitu lehenengo pantailan, ez dut halako zerrendarik aurkitu, baina, aizu, zerbait faltan izatekotan, ospetsuak eta ospetsu-ustekoak izan daitezela lehenengo. Iñaki Segurolak berak ere baietz esan baietz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.