Ander Perez Argote
LARREPETIT

Ikurra

2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Txiki-txikitan, uste dut data hauen bueltan zela, urtero jasotzen genuen gelakide guztiok preso zegoen klasekide baten aitaren oparia. Giltzak gordetzeko zorro bat jaso nuen behin, larruz egina. Saiatu naiz bilatzen, baina alferrik. Oroitzapenak esaten dit Euskal Herriko mapa bat zuela marraztua, gezi banarekin bi aldeetan. Ziurrenik orduan ez nekien zer zen, baina zaila da ziur esaten; ez dut jakiterik noiz hasten garen sinboloen esanahiak barneratzen.

Gerora, nerabetan, karpetetan, testuliburuen ertzetan, Altus-ean, klaseko mahaian bertan marrazten genuen ikurra, mapa bat amorfo samarra hasieran, perfekzionatuagoa denborarekin. Presoen etxeratzea gure egitearekin batera, ezin hobe ikasi genuen gure herriaren perimetroaren forma. Orduan bai, orduan ederkitxo genekien zertan ari ginen. Hori zen asmoa, hain justu: sinbolo horrekiko gure atxikimendua adieraztea, marraztearen marrazteaz. Identitate bat eraikitzeko hastapenetan ari ote ginen, hori datorkit orain burura.

Egunotan iragarri dute aurrerantzean beste bat izango dela euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko ikurra. Desagertu da mapa logotipotik, preso gehienak Euskal Herrian daudelako dagoeneko. Orain, beste batzuk dira presoen etxeratzea burutzeko gako, gradu-aldaketak ematea, eta salbuespen politiken indargabetzea, batik bat. Bi gezi mantendu dituzte, elkarri begira, eta etxea imajina daiteke bi gezien puntek bat egiten duten tokian.

Atzo, diru trukean, bost euroko billete bat eman zidan auzoko denda txinatar bateko langileak. Karteran sartzera nindoala ikusi nuen ikurra bostaren aldamenean, tanpoi urdinez iltzatua, mapa bat eta bi gezi. Pentsamendua jolasera joan zitzaidan, irudikatzera noiz arte ibiliko den billetea eskutik eskura. Nork galdetuko dion nori dagoeneko desagertutako ikur horren esanahiaz. Nork esango duen «hori zen euskal presoak Euskal Herritik kanpo zeudenekoa». Eta zer garrantzia duen iraganeko aditz forma horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.