Blanca Urgell
LARREPETIT

Orgonak metatzearen alde

2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Nire hiztegi bilduman BAT falta da. Badauka lekua apalean, baina orainokoan lortzerik ez. Orotariko Euskal Hiztegia-n esku-eskura izan ostean, artean bost gauza begiratuko nituen, bere lekuan balego, Ramon Etxezarretaren Hiztegi Erotikoa-n (1983). Hiztegi honek behe bezalako sarrera arrunt bati egin lekizkiokeen premiazko ekarpenak antzemateko, dotrinetan eta Axularren liburuan ez daudenak, aski liteke OEH-n begiratzea, baldin eta ohartuki bildu nituen lerro haiek desagertu ez balira. C'est de la poésie.

Wilhem Reichek ekarri ditgogora gure Ramon. Gure beste Ramon hori, bata bestea bezain ezinbestekoak. Psikiatra eta psikoanalista, Freuden ikasle, langile-iraultzaren aldekoa, Reichen ekarpen nagusiak Orgasmoaren funtzioa liburutik-edo hasi ziren (1927). Orgasmoak osasun fisiko eta mentalerako dakarren onura argi ikusi zuen Reichek, Mundu Gerren arteko populazioaren %80-90a neurosiak jota baitzegoen haren ustez.

Tartean bera zelarik, Alemaniako Alderdi Komunistak Sexpol sortu zuen (1931?), 350.000 baino kide gehiago izatera heldu zena Hirugarren Reicha baino lehen. Doako preserbatiboak eta abortua, emakumeak erditu osteko lan-baldintzak, haurdunentzako informazio guneak, dibortziatzeko erraztasunak, sexu-gaixotasunen aurkako borroka eta sexu-hezkuntza bezalako gaiak jendarteratu zituzten (Liendro 2007).

Bitartean Reichek bere bideari segitu zion, tartean parte hartu zuen Europako elkarte guztietatik kanporatua izanik, Alderdi Komunista barne. Bide horrek orgon kontzeptua sorrarazi zion, orgasmoa bizi-energiarekin loturik, eta orgon-metagailuak eginarazi, bertan sartuta minbizia sendatzen omen zuten kaxak. Bere pseudoterapiekin iruzur egiteagatik Estatu Batuetako espetxe batean hil zen.

Ereduzko Prosa Gaur corpusean orgasmo-k 428 agerraldi triste ditu. Ondorioa garbi dago, lagun: orgon gehiago, eta apokalipsi gutxiago.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.