nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Bigarren mailako euskaldunak

2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Euskaldun asko bezala, duela hogei urte gertatutakoaren inguruan pentsatzen jarri nintzen ni ere astelehenean. Non nengoen Egunkaria itxi zutenean? Nola jakin nuen? Nola erreakzionatu nuen? Hamazazpi urte nituen eta nik ez daukat egun hartako kontakizun epikorik. Uste dut institutura iritsi arte ez nuela gertatutakoaren berri izan. Nire etxean ez zen euskal gatazkaz hitz egiten, nire etxean ez zen euskaraz hitz egiten, ez zen sekula euskarazko egunkaririk egon, ez zen Xabier Lete entzuten, eta ez dakit nola bizi izan zuten gurasoek Egunkaria-ren itxiera. Ez diet ezer leporatzen, beste errealitate gordin bat bizitzen ari baitziren haiek ere urte horietan.

Hala ere, etxeko errealitatea askotan izan da niretzat lotsarako motibo. Hizkuntzak ez nau sekula bigarren mailako euskaldun sentiarazi, Gipuzkoako herri txiki batekoa izatearen abantailak; baina bai nire jatorriak. Euskalduna nintzen nire ustez, baina umetatik ikusi nuen batzuk ni baino euskaldunago sentitzen zirela. Herritik kanpo, jende euskaltzale artean nire lekua hartu ahal izateko, erlojuaren kontra ezagutu behar izan nituen besteok txikitatik jasotako erreferente guztiak; nire ezjakintasuna ezkutatzen nuen, ez nuen galderarik egiten.

Euskaldunok geure artean kategoriarik ezartzen ez dugula esaten duenak betaurrekoetako beirak garbitu beharko lituzke. Nik neuk, bigarren mailako sentitu izan naizen horrek, segun non eta zeinekin oraindik ere kameleoi estrategiak aktibatzen dituen horrek, Barakaldoko taberna batean harritu egiten naiz zerbitzariak euskaraz erantzuten badit; Iruñean norbait ezagutu eta euskaraz ongi egiten badu, nongoa den galdetzeko tentazioari eutsi behar izaten diot; inkontzienteki euskaldun berri eta euskaldun zaharrak sailkatzen ditut. Noiz arte horrela? Ez al gara ohartzen geure buruen aurka ari garela? Gure Herria elkarrekin izango da edo ez da izango; eta elkarrekin horretan ez dago kategorizazioentzako lekurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.