Blanca Urgell
LARREPETIT

Juanikotegaz lagundurik

2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Gertaera eta objektu askok dakarkidate burura gure amona. Oraingoan hitz bat izan da: juanete. Aspaldi joan zenez, uste dut ez zaiola inportako nik hau hemen idaztea. Zer diot? Bizirik balego ere ez luke axolarik, berak sano-sano esaten zuen eta: hoy me duele el juanete. Zenbat aldiz ez ote genion entzungo? Hartuko zuen garbiontzia, uretan gatza bota eta han jarriko zen tarte batez mina arindu nahian.

Eta euskaraz, nola arraio esaten zaio horri? Euskalduntasun hauskor honen gauzak: askoz lehenago ikasi dut historiaurre, metaforikoki, mononukleosi, malgukari, legebiltzarra eta hamaika holako, halako zerak baino. Edo inguruan ditudan adin bateko euskaldunak aingeruzkoak dira, edo nork bereak isilean daramatzate, amonak ez bezala.

Detektibe lana egin behar eta, lehen aztarrena oso potentea da: Joxan Artzeren poemako Ai, nere juaneteak! hura, Mikel Laboak abestua. Futxo! Hamaikatxok errepikatu dute kexa, uste baino gehiagok; ostera, inor gutxik gaixotasuna izendatzeko. Autoritate bat eta bakarra aipatuko dut hitz honen alde: Goenkale-ko Eusebio.

Elhuyar-ek diosta, Euskalbar-etik, juanete bera ez, baina juanikote eta tipula ditudala aukeran. Tipula erdialdekoa izanik (OEH), ezin egokiagoa litzateke; halere, Euskaltzaindia ez dago ados, nonbait, baratzekoak eta oinetakoak nahasteko.

Juanikote nahiko idatzi da,ostera, eredugarritzat ditugun egunkari eta aldizkarietan, hala nola BERRIA, Argia eta Jakin-en. Patziku Perurenak, Eider Rodriguezek eta Ramon Saizarbitoriak erabili dute, baita Iñigo Errasti, Iñigo Roque eta Xabier Olarra itzultzaileek ere. Euskaltzaindiaren bedeinkazioa ere badu. Beraz, fini: ez dut besterik behar.

Gauzak zer diren: duela hilabete arte esanahi bat zuen niretzat, eta orain beste bat, Arrasateko erreketa kontatzen duen kantaren bertsoak. Ai, amonatxo, ni bai Juanikotegaz lagundurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.