Abortatzeagatik El Salvadorren zigorturiko andre bat absolbitu dute

Hernandezi 30 urteko zigorra jarria zioten. Bortxaketa baten ondorioz geratu zen haurdun

Evelyn Hernandez pozarren, irudiaren erdian, epailearen erabakia jakin ostean. RODRIGO SURA / EFE.
ander perez zala
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
El Salvadorko Cojutepeque Sententzia Auzitegiak absolbitu egin du abortatzeagatik zigorturiko emakume gazte bat. Fiskaltzak «hilketa larria» egotzi zion Evelyn Hernandez 21 urteko andreari, eta 40 urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat, 2017ko epaiketan egin bezala. Epaiketa horretan, Hernandezi 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten abortatzeagatik, baina epaiketa berriz errepikatu behar izan zuten, eta epaileak akusatua absolbitzea erabaki zuen atzo.

«Justizia egin da; milesker Jainkoari. Denbora tarte hau zaila izan da, errugabea nintzen gauza batez akusatu nautelako. Espero dut [abortatzeagatik kondenaturiko gainontzeko emakumeak] laster aterako direla [kartzelatik]», adierazi zuen pozarren Hernandezek, epailearen erabaki jakin ostean. Orain, «ikasten jarraitzeko» asmoa duela jakinarazi zuen.

Emakume gaztea bortxaketa baten ondorioz geratu zen haurdun 2015eko udan, eta 2016ko apirilaren 6an hilik zegoen haur batez erditu zen. El Salvadorren legez kanpokoa da abortatzea, eta, hori aintzat hartuta, 2017ko uztailean haren aurkako epaiketa egin zuten; epaiketa horretan, 30 urteko kartzela ezarri zioten, hark 19 urte zituela.

Gerora, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen Hernandezen aurkako epaia, iragan abenduan, «froga falta» zegoela argudiatuta —ia hiru urte egin zituen kartzelan—; horrekin batera, auzitegiak agindu zuen epaiketa berriz errepikatzeko, eta harrez geroztik baldintzapean aske dago Hernandez.

Fiskaltzak jarrera berari eutsi dio bigarren epaiketan ere, eta 40 urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat; defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu zuen, eta epailea jarrera horren alde agertu da. Bertha de Leon abokatuak prentsari atzo azaldu zionez, epaileak adierazi zuen ez zegoela «deliturik egin ote zuen aztertzeko modurik», eta erditzea «zaila» izan zela, defentsak ziurtatu zuenarekin bat eginez.

Hernandezek iragan ostiralean izan zuen bigarren epaiketaren azken saioan hitz egiteko aukera, eta haren errugabetasuna defendatzeko baliatu zuen abagune hori: «21 urteko neska bat naiz, hainbat helmuga dituena: ikasten jarraitzea, nire ama laguntzea, nire anaiekin aurrera jarraitzea. Eskatzen dudan gauza bakarra da justizia egitea, errugabea naizelako», esan zion epaileari.

2016an umearen gorpuari egindako autopsiak zehaztu zuen «pneumonia bategatik» hil zela, baina ezin izan zuen argitu noiz hil zen: erditu ostean ala haurdunaldian; Hernandezen abokatuek defendatu izan dute hilda jaio zela.

Hernandezen kasuak oihartzun handia izan du Latinoamerikan eta nazioartean, eta abortatzeko eskubidea defendatzen duten hainbat taldek babesa helarazi zioten akusatuari.

Egungo egoera

Egun, El Salvadorren hamasei emakume daude espetxean, abortatzeagatik. Gehienak 40 urteko zigorrak betetzen ari dira—50 urtekoak ezar diezazkiekete gehienez—, eta beste hemezortzi auzipetu dituzte akusazio bera eginda.

Abortua 1998tik dago penalizatuta El Salvadorren kasu guztietan—, garai hartan agintean zegoen gobernu kontserbadore baten erabakiaren ondorioz. Horren aurretik, herrialdean legezkoa zen abortatzea honako kasu hauetan: haurdunaldia bortxaketa baten ondorioz zenean; umeak malformazioak zituenean; eta amak hiltzeko arriskuan zeudenean. Ordea, Konstituzioa eta Zigor Kodea aldatu zituzten, eta egoera horietan ere debekatu zuten abortua.

Latinoamerikan herrialdeen artean, El Salvadorren, Hondurasen, Haitin, Nikaraguan, Dominikar Errepublikan eta Surinamen da legez kanpokoa abortua kasu guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.