Berriz atzeratu dute Peruko antzutze behartuen auziko zigor eskaera saioa

Fiskaltzak Fujimoriren eta haren Osasun ministro ohien kontrako akusazioa zehaztu behar zuen

Peruko antzutze behartuen biktimak, herrialdeko Justizia Auzitegi Nagusiaren parean, auziaren atzeratzearengatik protestan, 2019ko abenduan. PAOLO AGUILAR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Peruko Fiskaltzak Alberto Fujimori presidente ohiaren kontrako zigor eskaria zehaztu behar zuen atzo, epailearen aurrean, antzutze behartuen auzian. Harentzat ez ezik baita gainerako akusatuentzat ere. Presidente ohiarekin batera, auzipetuta daude Eduardo Yong Motta, Marino Costa Bauer eta Alejandro Aguinaga Fujimoriren agintepean (1990-2000) Osasun ministro izandakoak. Baina auzi saioa bertan behera utzi zuten, eta zigor eskaera zehazteko eguna atzeratu egingo dute hirugarren aldiz.

Auzi saioa hasi aurretik, azkar eta garden jokatzeko eskatu zion Antzutze Behartuek Kalte Egindakoen Elkarteak Peruko justiziari, baina biktimek zain jarraitu beharko dute. Hogei urte baino gehiagoren ondoren, inoiz baino gertuago ikusten zuten luzaroan esperotako urratsa: antzutze behartuengatik akusazio bat mamitzea eta Peruko justiziak gertaera horiek gizateriaren kontrako krimen gisa ikertzen hastea. Ez da, baina, halakorik gertatu oraingoz. Auzitegiak datozen egunetan zehaztuko du hurrengo saiorako data berria.

Auzitegiak azaldu duenez, saiora deituta zegoen itzultzaileak kitxuaren aldaera bakarra ezagutzen du, eta ez hainbat biktimak hitz egiten dutena. Hori dela eta, hurrengo saiora biktima guztien kitxua aldaerak interpretatzeko gai diren itzultzaileak deitzea erabaki du, eta gaurko saioa bertan behera uztea.

Saioa telematikoki egin da, baina Fujimorik ez du parte hartu. Haren abokatuak jakinarazi du medikuen zaintzapean dagoela, oxigeno eskasiagatik, eta gaineratu du ez dagoela saioan parte hartzera derrigortuta. Epaileak onartu egin du abokatuaren argudioa. Presidente ohia espetxeratuta dago 25 urteko kartzela zigorra betetzen, bi hilketa eta bi bahiketa egotzita.

Justiziak 1.321 emakumeren kasuak jasotzen dituen salaketari erantzun behar dio: 1995 eta 2000 bitartean antzutzera behartu zituzten. Guztiei eragin zizkieten lesio larriak, eta horietako bost hil egin ziren beren borondatearen kontrako esku hartze klinikoen ondorioz.

Biktima kopurua salaketan jasotakoa baino handiagoa da, ordea. Peruko Justizia eta Giza Eskubideen Ministerioak sortutako erregistroan 5.000 emakume baino gehiago jaso dira antzutze behartuen biktima gisa; gehienak, emakume indigenak. Arartekoaren esanetan, berriz, behartutako 272.000 tronpa lotura eta 22.000 basektomia egin ziren 1996 eta 2001 bitartean: ustez, gobernuak diseinatutako plan baten barruan, gizartearen sektorerik pobreenetan jaiotze tasa murrizteko helburuarekin. Peruko Kongresuko ikerketa batzorde baten arabera, 315.000 emakume inguru atzetu zituzten behartuta.

Presioak eta mehatxuak

Fujimoriren gobernuak Ugalketa Osasunerako eta Familia Planifikaziorako Programa onartu zuen 1995. urtean. Hainbat emakume elkartek salatu dutenez, gobernuak presioak eta mehatxuak erabili zituen programaren bidezko antzutzeak behartzeko. Biktimek nabarmendu dute ez zitzaiela tronpako loturari buruz eta esku hartze horren ondorioei buruz behar bezala informatu.

Kongresuko ikerketa batzordeak, biktimen elkarteek eta giza eskubideen aldeko hainbat eragilek bildu dituzten testigantzek deskribatzen dituzte nola hertsatu zituzten. Kasu batzuetan, erditu berri zituzten haurrak ez erregistratzearekin egiten zieten mehatxu, aurretik ebakuntza gelatik pasatzen ez baziren. Beste batzuetan, abortuak eragitearekin. Presio psikologikoa ere salatu dute: arduragabekeria edota beren egoera ekonomiko ezegonkorra aurpegiratuta. Etxeetan erizainen bisitak jaso zituzten zenbaitek, ospitaletik pasatzen ez baziren Poliziarekin itzuliko zirela ohartarazteko. Anbulantziak ere bidaltzen zizkieten etxe atarira bila, eta hainbatetan indarrez eraman zituzten. Kanpainak egin ziren metodo antikontzeptiborik onena tronpen lotura zela ziurtatzeko, eta atzeraezinak ez diren beste neurri batzuk baztertzeko. Makilaren ordez azenarioa ere eskaini zitzaien. Elikagaiak eta sendagaiak, emakume pobreak konbentzitzeko, eta «pizgarri ekonomikoak» beren senarrei, baimen bat sinatu zezaten, beren emazteak «borondatez» antzutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.