Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Hiritar erantzukizuna

2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Liluratuta nauka azken hilabeteotako Britania Handiak. Glamour eta dotorezia oro erantzirik etxeko trapuak haizatzen hasi da. Errealitateak gainditzen du fikzioa. Hortaz, telesail politikoa balitz bezala ikustea gomendatzen dizut. Orain arte Lehen Ministro izandako Theresa May badoa, eta, dena emanda dagoela uste duzunean, dzast!, bere ordezkoa izan litekeen Boris Johnsonek espetxean amai lezake. Epaitegiaren aurrean kontuak eman beharko ditu 29 urteko Marcus Bull (no eta to abizena!) hiritarraren ekimenari esker. Ustelkeria? Botere-erabiltze desegokia? Ez. Kanpaina politikoan gezurra esatea. 200.000 libera lortu zituen crowdfunding bidez Bullek epai bideari ekiteko. Britaniarrak engainatzea (ez engaiatzea) aurpegiratzen dio Lewis Power (abizena, again) abokatuak Bullen izenean. Britania Handiak Europako Batasunari astero 350 milioi libera ematen zizkiola argudiatu zuen Johnsonek brexit-en aldeko botoa eskatzeko. Bullek, Powerrek eta gainontzekoek uste dute gezurra zela jakin arren brexit-aren aldeko botoak eskuratzeko erabili zuela.

Gezurra. Post-egia. Egun egon litezkeen Watergate guztiek biderik izango lukete? Espainiako estatuan PP alderdiak zituen ustelkeria kasu guztiekin oraindik ere hiritarrek botoa emateak harritu zuen 2014an FinantialTimes egunkari entzutetsua. Post-egiarena, baina, kontu globala da. Gure boto-tradizioaren preso gara ala gure erosotasunaren preso? Emozionalak ei gara botoa ematerako orduan. Gotemburgeko unibertsitatean irakasle den Victor Lapuente Ginék dio politikariek esaten digutenak erakartzen gaituela, eta ez dugula horren gainean hausnartzen, ez dugula sinesgarritasunik edota egingarritasunik izango ote duen pentsatzen. Hausnartu eta haurhartu. Memoria-politiko laburra daukagu, post-egiaren ostean zer ote datorkigu? Barka iezadazu errematatzen ez badut, haserretuegi nago eta delitu izan liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.