Blanca Urgell
LARREPETIT

Patatak (I)

2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun

Zer egingo diogu, ba! Arabarra izan eta patatak aipatu behar. Behin baino gehiagotan, gainera (irakur bedi mehatxuz). Nahiz gaur gehienak frijituak eta poltsan sartuta ikusi, gu beti patateroak.

Ala ez? Zeren eta uste nuen patatak ia-ia Kolonek berak ekarriak zirela 1492an-edo, baina historia bihurriagoa da. Jateko onak direnak ez ei ziren 1786ra arte Espainian sartu (lehenago aberatsek loreontzietan apaingarri ipintzen omen), Joaquín Fernando Garay de Oca terueldarrak ekarriak, Frantzian izan zuten arrakastaren eraginez, nonbait.

Zer diren gauzak, beste Joakin batek, José Joaquín Landázuri gasteiztarrak, Lautadako euskara galtzear deskribatu zuen hiru urte beranduago, 1789an. Patata sartu eta euskara galdu? Ba, horrelako zerbait, bai. Izan ere, gure amonaren aitonaren amonaren gizaldi hartan oraindik ez ginen «patateroak», «babazorroak» baizik, ez bakarrik oraindik patatarik ez geneukalako, baita zirikada ulertzeko gai ginelako ere.

Gaur hitz hori gazteek ez dakit dakiten, baina guk txikitatik bagenekien «babazorro» ginela euskaldunen artean, osaba Luisek irakatsita; horra hor ikasi bide nuen lehen euskal hitza (erdal zetaz ahoskatua, egia osoa esatera). Larramendik azaldu zuen (1745): «Txantxetan babazorro izena ematen diegu arabarrei, han baba asko hartzen eta jaten delako». Alboan «babazorro» zer den ere esan zuenez, txantxetan-benetan, azken batean gu beti zozoak.

«Araba existe» moduko bat izan zen, hamarren bat urtetan azukrea ahoan bezain erraz urtu zena. Zer gara gu geure ustez, bada? Zozoak ala beleak? Garenak gara: konplexu, nahasi eta ñabarrak. Zuri eta beltz, eta hori eta more eta laranjak. Batzuetan nahi baino kontserbadore eta moderatuagoak ere bai. Arabak artean despopulatzen segitzen du, eta Gasteiz handitzen, Green capital delakoaren errauts hoztuen gainean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.