Samara Velte.
LARREPETIT

Kezkak

2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Nola egongo ote da Kantabriako kostako herrietako ekonomia? Sufrimenduaren erretratuak izan behar dute: udaberri osoa bisitaririk gabe, triste, kupelak hustu ezinik irudikatzen ditut tabernariak. Pertsiana gehienak jaitsita; bigarren etxebizitza horiek guztiak, hautsa hartzen, aurten egin behar genizkion berrikuntza guztiekin. Luzeak dira hiru hilabete, are gehiago maitaleekin nora ihes egin ez daukagunean. Eta orain badator eguraldi ona: lehentasunezkoak behar lukete gure udarako urbanizazioek. Hendaiako senideak bisitatzeko aukerarik ere ez daukagu oraindik, eta Iruñean bizi den bat ezin da oraindik Viktoria Eugeniako kontzertu bat ikustera joan, eta tira, Jaurlaritzarentzat «esanguratsua» litzateke Nafarroarako eta Ipar Euskal Herrirako joan-etorriak ahalbidetzea, baina Kantabria? Kantabria ezinbestekoa da, lurralde anaitua, gurearen luzapen bat ez esatearren. Besteak «lotura kultural eta historikoak» dauzkaten «erkidegoak» dira, bizitza behar baino gehiago konplikatzea erabaki dugun friki gutxi batzuon arazo —hori gertatzen zaigu «kanpora» bizitzera joateagatik, lagunak han eta hemen edukitzeagatik—, baina «lotura historikoak?» Hitzak berak erakusten du zaharkitutako harreman bati buruz ari garela, nostalgikoen kontua, Nojako apartamentu eder baten ordez Pirinioetan etxola erdi eroriak hartzen dituzten zomorroena. Aldiz, bizi-bizi daudenak hondartzako txiringitoak dira udan, horietara iritsi beharra dago inor baino lehenago. Bizkaiko erietxeetako datuak kezkagarriak dira, baina kezka, ez dakizue nolako kezka eragiten duen urte erdi batez zapaldu ez duzun bigarren etxebizitza batek.

Postdata: ez daukat bigarren etxebizitzarik Kantabrian, eta Santanderko aireportura joateko baizik ez naiz bertan egon, baina azken egunotan telebistan ikasi dudanez, arazo orokortua ematen du; beraz, sufrimendu hori jasaten ari direnekin enpatizatzea erabaki dut. Ez diezadala gero inork esan ez daukadala elkartasunik gehien sufritzen dutenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.