Albistea entzun

LARREPETIT

Erromantikoen kontra

Hedoi Etxarte -

2020ko irailak 12

Literatura elkarrizketak gutxitan bezala zabaldu da Joni Ubedak Pello Lizarralderi egin diona erromantizismoaz esan duenaren kontura. Esango nuke Lizarraldek egindako epai horren aldekoak direla euskal artista gehienak (besterik da gizartea oro har), idazleak bereziki, duela bost hamarkadatik euskal letretan erromantikorik ez baita egon. Erromantikoarentzat (Judith Shklar-ek azaldu bezala) «zibilizazioa gauza mekaniko bat bihurtu da norbanakoa zapaltzen duena eta mediokritatean murgiltzen duena». Erromantizismoak erlijioek bezala funtzionatu zuten (praktikatu zuten ateoentzat ere bai) eta partekatu zuen kristau askorekin barne eta kanpo dekadentziaren teoria. Erromantizismoa, Shklarrek ulertzen duen bezala, Ilustrazioaren kontrako mugimendu erreakzionario bat izan zen. Ilustrazioak ulertzen zuen norbanakoak, arrazoiaren bidez, mundua hobetuko zuela.

Gure literaturaren paradigman ere, filosofiaren (ala etikaren nahi bada) exijentziak artearen aurretik jarriak daude obra eta eztabaida ia guztietan. Begiratzea besterik ez dago literaturaren inguruan dauden taldetxo ia denen zoru komuna ez dela apustu estetiko bat baizik eta partekatutako hautu politiko, elektoral edo laguntasunezko bat.

Ilustrazioko intelektualak ulertzen zuen gizateriari irakatsi behar ziola bere bulkada irrazionaletatik askatzen (izan bulkadak artistikoak ala erlijiosoak). Erromantizismoan artea zen jainko berria. Herderretik hasita neoklasizismo ilustratuari gerra deklaratu zioten. Afera ez zen forma eta arrazoia, baizik eta poetaren irudimena, «sortzailearen indarra. Literaturaren helburua ez zen unibertsala, tipikoa ala probablea, baizik eta bakana, originala eta fantastikoa. Literaturak hunkitu behar zuen irakurlea, ez eskolatu. Orain natura segitzea ez zen harmoniaren bilaketa, baizik eta naturaren intentsitate dramatikoa imitatzea».

Ikasturte oso baterako ematen du gaiak, pena litzateke sarean itota lagatzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...