Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ihesbideak

2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Disidentzia: iritzidesadostasuna. Doktrina, sinesmen edota erakunde baten ideietatik aldentzea. Horixe da Word Reference-k disidentziaren gainean ematen duen definizio bikoitza. Berez, baliagarria izan beharko luke honek, izan ere, iritzi aniztasuna aberasgarriagoa da iritzi bakantasuna baino. Egia absolutua suntsitzeko biderik zuzenena da, ziurrenen. Paperaren gainean denak du zeri eutsi, baina zer gertatzen da errealitatea esaten diogun horretan? Askotan euskailurik ez dugula. Deseroso sentiarazten gaitu besteen iritziak; bat egiten dugu (maiz) gure pentsamenduak dituztenekin, eta honek hertsitasunera eraman gaitu. Erosotasunera ere bai. Alegia, besteen kritikak onartzearen oso aldeko ez garela, bide batez, gure hutsak ikustearen aldeko ez garen modu bertsuan. Are gehiago, deserosotasunetik erasora pasatu da bestelako iritzia izatea. Eta disidentzia gero eta arbuiagarriagoa da. Agian, horregatik, gero eta berdinagoak gara. Ez berez bagarelako, baizik eta ez garenean, hots, bestearekin ados ez gaudenean, ez dugulako esaten. Esan izan dugunetan gorriak entzun behar izan ditugulako. Guri ere gero eta nekezago egiten zaigu gurea ez den iritzia onartzea. Eta boterea dugunean, egin kontu. Hau da, larru gorritan dagoen enperadore asko dagoela, eta gu ere biluzik izan ohi garela maiz eta zenbaitetan. Hau ez da berria, ortodoxia eta heterodoxia gizakia bezain zaharrak dira, eta aginduak betetzeko zintzotasuna ere bai. Disidentziarako, baina, sasoi latzak datoz. Perbertsioak kiribildutako diziplinarako garaiak dira.

Hau dena etorri zait gogora aurpegi bidezko identifikazioari buruzko artikulua irakurri ostean. Teknologia bizkor batean doa, eta badirudi datorkigunaren guztian itzal iluna ikusteko gaitasuna, dagoeneko, desaktibaturik daukagula. Eta ni teknologiaren onuren aldeko naiz (ia) beti, baina ihesbideak eta norbere gune pribatuak gero eta nanoagoak dira. Eta arduratuta nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.