Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Konplizeak

2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Rosa Monterok (espainiar idazle ustez progresista baina hizkuntzalaritza kontuetan ausarta bezain ezjakina) patxada ederrean euskara laborategian sortutakoa dela esan zuen egunean hasi zen Euskaraldia. Ahobizi eta Belarriprest txapak banituen, izan; euren bila aritu nintzen. Aurton, aurrekoan ez bezala, ahobizi izan nahi nuen. Batez ere, nire bost urteko lobak atsekabea hartu zuelako belarriprest txaparekin ikusi ninduenean eta, «izeko, zu ahobizi zara ni bezala!», esan zidalako minduta. Baina ez nuen aurkitu ahobizi txapa eta belarriprest izango naiz aurton ere (loba ikustera noanerako, baina, ahobizi txapa lortu behar dut). Lehenengo edizioan oso esperientzia aberasgarria bizi izan nuen belarriprest izanda, eta aurrekoak eman zizkidan pozak ematen badizkit, egintzat emango dut urte definiezin hau.

Txapa jantzirik lanerakoan ez nuen beste txapa-kiderik ikusi. Metroan denak aurkitu nituen, ohiko eran, euren sakelakoekin komunikazio ariketa goiztiarrean. Agian baten bat euskaraz arituko zen, baina txaparik ez. Azken-aurreko geltokian sartu zen gizona begira geratu zitzaidan. Lehenengo txapa eta gero ni. Irribarre egin zidan. Ez dakit txapagatik edo nire edertasunagatik, eta une batez pentsatu nuen belarriprest izateak, beharbada eta agian, ligatzeko balio liezadakeela ligatzea ezinezkoa den garai definiezin honetan. Goiz horretan Euskadi Irratiko Faktoria saioan esaldi ederra entzun nuen. Lubakietan bizi den Barakaldoko Euskaraldiko koordintzaileak, Ander Ezeizak, bota zuen. «Euskaldun izatea ezer bada konplize izatea da—.Eta akordura etorri zitzaidan Amsterdameko taberna galdu batean alboan umearekin zegoen bikotea euskaraz entzuterakoan sentitu nuela nik ere konplizitatea, zelanbaiteko etxekotzea; eta oraindik ere Hiritzarreko zenbait tokitan euskaraz entzuten dudanean hori bera sentitzen dudala. Eta, plaust! poza putz; ez dakit ona ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.