Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Hogeita bost urte

2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Sasoi batean egunkariak lupaz begiratzen nituen; edonon egon baitzitekeen albistea. Iragarki deigarri bat ikusi nuen egunkarietan: ehundik gora behargin euskaldunentzako lan eskaintza zen. Bilboko erdigunean sortuko zen zerbaitetan euskaraz lan egiteko deia. Zer ote zen hori?

Hogeita bost urte joan zaizkigu eta baita ilea urdindu ere. Nik ez dakit zenbat kontzertu-ekitaldi ikusi ditudan, asko. Etxean sentitzea eta etxekotzat sentiaraztea ez da erreza, eta toki horretan ni etxeko sentitzen naiz, bizitza erdia joan baitzait sartu-irtenetan. Akorduan ditut ordu txikietan Teorekin Ondarroako euskalkia aditzeko egindako ikastaro espres haiek, Apoloren berba egiteko modu ironiko eta urrun hori, gero hain urruna ez zena, Koldorekin egindako lehen elkarrizketa gero eta lausotuago agertzen zait, Ruperren erromesaldia, eta hainbeste gomuta.

Bilbo aldeko euskaldunak pribilegiatuak gara. Hura izan dugu azken urteotan abaroa, lubakia eta elkargunea. Aldeko zein kontrako arrazoirik izango du askok, baina ukaezina da ozeano erdaldun batean askorentzat euskarara eta euskal kulturara sartzeko atea izan dela. Alegrantziak, desorduetako aitorpenak, une hunkigarriak edota izandako esperientzia ororen gainetik ate hori da nabarmendu nahiko nukeena. Ate hori beti egon delako zabalik, eta, lokatzak lokatz, irekita jarraitu(ko) du. Pribilegiatuak gara, bai.

Gaur hogeita bost urte egin behar ditu. Ospakizunik gabe. Kandelarik eta xanpainik barik. Aurton ez dugu besorik altxatuko kajafuertiaren bila, ez dugu bazkaltzeko hitzordurik egingo. Pandemia bat jarri zaigu bide erdian. Zenbaki borobila heldu da, eta norberaren bakantasunean egingo dugu txintxin bizitza erdian aterpe izan dugun tokiagatik, gure oroimenean iltzatuta geratu diren joan zirenengatik… Gugatik, finean.

Biba Pellot eta biba festa beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.