Blanca Urgell
LARREPETIT

Abereen etxaldean

2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Garai batean euskarak irainik ez zuelako ideia hedatu zen, eta egun ere askok galdetzen didate —zuei ere bai, ezta?—. Hau bai patu txarra, asmorik onenarekin hurbiltzen zaigunari beti arrazoia kendu beharra…

Zerekin irainduko eta, hara, animaliekin, adibidez. Ez gaituzte laneko indarraz, larruz eta ilez, okelaz eta arraultzez, eta ongarriz-eta hornitzen? Ba, euren izenetatik jalgitako irainez ere dexente hornituta daude hizkuntzak. Bilatu bestela Euskaltzaindiaren hiztegian asto, azeri, oilo, txakur eta txerri-pean. Denok dakizkigunak, egia. Besterik?

Konparazio batera, Orotarikoak dio hartza handia, indartsua eta basatia izendatzeko erabilia dela, baina baita gizon narrasa ere, nonbait. Hizkuntzarik hizkuntzako aldeak ondo bitxiak dira. Euskaraz gautxoriari 'saguzarra' deitu dakioke, eta ingelesez atso tuntunari. Euskaldunek lotsatiari apoa, eta ingelesez desatsegin edo itsusiari. Dena dela, ingelesetik gertu honela dio Barbierrek (1924): Apho figura! Hoakit bixtatik.

'Zimitza' yiddish-ez nahita narritagarria denari esaten omen zaio. Turkieraz 'oilaskoa' esango diote lotara goizegi joaten denari; 'txakurra' inoren negozio zikinak egiten dituenari; 'hartza' gauzak zakartasunez egin edo esaten dituenari; 'ardia' bere kasa erabakitzen ez dakienari; eta 'behia' gehiegi ikasten duen ikasleari.

Irainez mintzatu eta andrazkoak atera ez? Azkuek aho-bilorik ez honetarako: amabargo aldi berean txerrikumeari eta andre narrasari esaten zaio (zitzaion?); ardi-seme jaso zuen Mikoletak (1653) Bilbon esaten ziotela prostitutaren semeari (ahardi-seme, OEH-k dixit), eta Orixek-eta pozik erabili putaseme-ren ordez; astaña astemea da zein emakume ergela, eta honela Z letraraino.

Jarraitu zuek. Neuk atsotitza aplikatuko diot nire buruari: Arraina laket urean, xoria airean, emazte zuhurra etxean. Iraingarria? Ez, nire kasuan bada garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.