Blanca Urgell
LARREPETIT

Izenak izen

2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Edozertariko gizataldeek, estatuetatik hasi eta rock taldeetaraino, geure buruak bilduta izen batekin identifikatzeko joera dugu: gure jendea, gure hizkuntza eta gure lekua (endonimoak). Bertakoak ez direnei beste izen bat emateko ere bai (exonimoak). Exonimoak sortzen dira dena delakoak garrantzia duelako hiztunentzat; bestela ez. Gure hizkuntzan direnek historia jakin baten berri ematen digute: Bordele, Arroxela, Parise, Madril, bai eta Ternua ere, besteak beste. Lekuan lekuko izenak dira, egia, baina euskarak bere arauetara ekarriak.

Beste exonimo askok zerikusirik ez dute bertakoarekin; batzuk kasualitateak emanak dira: lehenik ezagututako hiritik edo jende-taldetik hartuak, itsuka, edota bestek emanak. Siuxak ez ziren siux berez, baizik eta Ojibwa auzoko hizkuntzaren hiztunek naadowesiwag deitu haien hizkuntzari, hau da, 'hizkuntza arrotza', eta europar kolonoek seko laburtuta bihurtu omen zen siux haien izen ezagunena.

Mongolak izendatzeko europarrek tatar tribuaren izena erabili omen zuten, eta Tartaro greziar mitologiako infernuarekin koloreztatu. Diotenez, Erromako Inperioan barrena sakabanatu ziren germaniarrek Walha izena ematen zieten hizkuntza arrotzaz mintzo zirenei, eta hortik omen datoz Wales, Wallachia eta Wallonia. Gauzak zer diren: gure Gales galesez Cymru da; gure Valakia errumanieraz Ţara Românească, baina valoniarrek exonimoa beretu dute.

Nazio Batuen Erakundeak gomendatu du endonimoak erabiltzea, mundu osoko leku-izenak normaltzearren. Ezinezkoa dirudi, tradizioen indarra du kontra, baina Txinak ez zuen askorik behar ia bat-batean PekínBeijing bilakatu zedin gaztelaniaz-eta, CantónGuandong, eta abar.

Endonimoak onartzeko eragozpen larriena ahoskera arrotza omen. Tira: nahi izatea ere bada. Reykjavik ikasi nuenetik ikasi nuen hori. Siuxek beren buruari Očhéthi Šakówiŋ /otʃʰeːtʰi ʃakoːwĩ/ deritze. Ea ba, ikastera deritze. Ea ba, ikastera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.