Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Zenbat okupatzen du bizitzak?

2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Goizeko ordu txikietan itzartu gintuzten gurasoek, aspaldian; alboko etxea sutan zen eta suhiltzaileak jo eta su zebiltzan amatatu nahian. Gurean ez zuen eraginik, eta, leihotik begiratzen jarri ginenean, hantxe ziren gure auzokideak, deslai, txapinetan eta lotarako arroparekin. Harritu egin ninduen batek kaiola eta txoria eskuetan besarkatu bezala egiten zituela, samindura uxatu guran edo. Oso iltzatuta daukat irudi hori oraindik ere, eta zenbaitetan pentsatu izan dut: etxetik ziztu bizian alde egin beharko banu, zer hartuko nuke? Argazki zaharrak bistara izaten ditut, badaezpada.

Akordura etorri zait egunotan aspaldiko hura, L'Hospitalet de Llobregat-eko (Katalunia) 97 urteko Rosario Bravori jazotakoa irakurri ostean. Alogeran bizi da duela 60 urte, etxe berean. Hileroko guztiak ordainduak ditu, baina semearenean egonaldi txikia eman ostean etxera itzultzerakoan sarraila aldatua zuen, eta etxea husturik. Okupak zirela pentsatu zuten hasiera batean, baina ez. Etxegabetzea egin zuten, Rosario Bravoren etxean, okerturik. Beste etxe batera joan behar ziren, goiko pisura, baina, zer inporta du 7A edo 8A? Xehetasunak garrantzitsuak dira. Justizia epaitegia, etxeko jabea eta bertaratutako beharginak ez ziren okertzeaz jabetu eta dena eraman zuten. Emakumea hara agertu zen arte, argitu zuen arte; atea zabaldu eta hustasuna baino ez zuen aurkitu. Guztia eraman zioten: argazkiak, bitxiak, altzariak, arropa, etxean zegoen oro eta dena. Bost litroko olio botilatzarra, oheak, elektrogailuak, eta baita zulagailu txikia ere. Okerragorik bada, ordea; antza denez, emakumeak urteak zeramatzan egunerokoa idazten, semeari oparitu nahi zion, hil ostean izan dezan bere amaren gomutarik. Eta hori ere eraman diote; zer egingo dute, Wallapopen saldu?

Une batez 97 urteko emakume hori sentitu naiz, bizitza lapurtu izan balidate lez, galdua, desolatua. Eta koleraturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.