Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Sex-sex ikara

2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Atlantikoaren ertzean jaiotakoontzat zaila da beste itsasorik irudikatzea. Umetan niretzat beste itsasoak ziren amaren ahotsean entzuten nituen habanerak, beti leku patxadatsuak eta erritmoz beterikoak. Ni nintzen haur hori orain biziko balitz, beharbada beste itsasoak ezberdin irudikatuko zituzkeen. Agian, Fukushimako ur nuklear garbiek zipriztindutako itsaso lez irudikatuko nuke.

Japoniako Gobernuak Fuku-shimako hondakin-urak Ozeano Barera isurtzea erabaki du.Ez zaitez estutu, Fukushimako urek izan ditzaketen hondar nuklear gehienak garbituko dituzte. Fukushima inguruko herrixketako zenbaitek, Txinak eta Hego Koreak haserrea agertu dute. Ni zur eta hur gelditu naiz. Nondik dator hainbeste haserre? Ur nuklear gehienak garbituko dituzte, eta garbituko ez dituztenek ez dute kutsatuko. Pentsatzen dut Shikoku inguruko arrantzale batek harrapatutako arrainaren prezioak gora egingo duela, jakina, uranioarekin aberastutako arrainak beti dira garestiagoak. Japoniako Gobernuak ez du ulertzen besteen asaldatzea. Gizadi edota naturarentzat arriskurik ez dakarte ur lohiek. Are gehiago, Taro Aso Japoniako lehen ministroak aztoramenduaren aurrean esan zuen esan diotela ur hori edangarria dela. No eta to. Zhao Lijian Txinako Gobernuko ordezkariak bota zion: «Hain garbia bada edan ezazu baso bete ur». Taro Asok izango al du euskal senetik zer? Hau diot euskaldun peto-peto batek atoan eutsiko liokeelako erronkari baso bete ura edaten.

700 kilometro dago Kyoto eta Fukushima artean. Lehenengoan, klima aldaketari aurre egiteko protokoloa onartu zen. Bigarrenean, protokolo eta motrokolo hitzak ez ei dituzte bereizten. Baina ni lasai nago. Eta gero Shinjiro Koizumi Japoniako Ingurumen ministroa dago, klima aldaketaren aurkako borroka sexy eta atsegina izan behar dela esanaz. Nik buruan Kuraiaren kantua baino ez dut: sex ikara, sex-sex ikara, sex ikara, sex-sex ikara...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.