Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Periferiak

2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ni periferia naiz. Zu periferia zara. Hura/ha periferia da. Gu periferia gara. Zuek periferia zarete. Haiek periferia dira. Nork ezartzen du zer eta nor den periferia? Indartsuenak bere handitasuna erakutsi nahirik esaten du non dagoen zentroa, zer den hegemonia; are gehiago, maiz, nor eta zer izan behar duzun esaten dizu. Aurre egin dakioke horri, baina olde nagusiak jarraitzen du normalean hegemonikoak esandakoa, eta hain zuzen ere honek ere legitimatzen du bere periferiaren ideia. Harrotasunaren mozkorraldian ahaztu egiten du edozein izan litekeela periferia, edozein unetan bihur zaitezkeela periferia, aski dela mugimendu txiki bat jabetzeko zure zentroa ez dela zentroa, soilik zure zentroa dela.

Iolanda Zuñiga idazle galizarrak aspaldian esan zuen: «Denok gara periferia, baina batzuek ez dakite». Esaldi hori etorri zitzaidan lehengoan akordura, beste idazle galizar batek, Olga Novok, egunkari honetan emandako elkarrizketan. «Periferiaren ideia ustezko zentro baten oinarrian eraikitzen da. Beraz, ez dut uste periferiatik idazten dudanik, ez memoria periferiko batetik ere, ezta leku eta hizkuntza periferiko batzuetatik ere. Ama hizkuntzan idazten dut, nire sorterriaren inguruan eta nire jendearen memoriaren inguruan. Hortaz, nik nire zentrotik idazten dut, noski».

Nik ere nire zentrotik idazten dut, eta hortik ni ez beste denak dira/zarete periferia. Eta ni ere sentiarazi naute inoiz periferiko zentzurik laidogarrienean, eta deseroso sentitu naiz, galernak itsasoan harrapatzen zaituenean bezalaxe. Eta, egia aitortuko dizut, ez zait inporta zure periferia izatea, zuk onartzen baduzu zu nirea zarela. Tamalez, hau gertatzen da periferia direla ez dakitenekin, eta hor sortzen zait niri arazoa, errespetu falta horretan, gutxiespenean. Periferia beti baita bestea, edo Gustavo Adolfo Becquerrek esango zukeen bezala, periferia zu zara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.