Blanca Urgell
LARREPETIT

Emaitzak

2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Esan: emaitzak hitza entzun eta, zer datorkizu lehenengo burura: hauteskundeetakoak ala ikasleenak? Bakoitza bere zoroak bizi omen... Dena dela, sarri erabiltzen dugu, baina hitza bera ez da arrunta. Eman-etik emaitza, egon-etik egoitza, eta kito: ez dago esaitza edo erraitza-rik, ez izaitza, ez igoitza, ez besterik. Badu zer pentsatua.

Orotariko-ko datuek iradoki didate Leizarragagandik (1571), agian lapurtera klasikotik igarota, Larramendiren hiztegiaren bitartez heldu zela Hegoaldeko hizkuntza jasora: Ubillosek (1785) ez zukeen, bada, emaitz edo doai au halabeharrez erabiliko, beskoiztarrak ere donoak eta emaitzak idatzi zuenez gero. Honek ere badu mamirik.

Eman ala emon, ala emun, baina? Zein ote zaharrena? Galdera txarra: batek ere irabazteko betarik ez. Hasteko eta behin, aintzineuskaran ez bide zegoen m-rik: gure m-dun hitzak —aise ikusten da— maileguak dira (mailegu bera gaskoieratik datorke), edo haur-hizkuntzako hitzak (ama, mama), edo 2. silabako n-ak b sudurkaritu du (*bini > mihi) edo, are zaharrago nonbait, aurreko n-ak (ume < *umme < *unbe < *on-be; akitanieran lekuko ditugu Umme eta Onbe izenak).

Bistan da: eman azaltzeko *bini-ren bidea behar, hots, *eban-i, baina kontua da eban «beteta» daukagula, ebaki/ebagi bikotearen erroa baita, izan ere. Pas de problème: EHHE-k *ebon-i proposatu du... hiruretan zaharrena emon dela eginik, beraz. Igo(n)/igan, jaso/jasan... eta baso/basajaun, gizon/gizakume... legezkoetan ezagun dugun o(n)/a(n) txandakatzea gertatu bide zen: emon/emaite-. Eta, azkenik, emaite/emaile/emaitza... familiarekiko analogiaz sortu eta hedatuko zen eman.

Egun hauetan larri dabiltza ikasleak, emaitza jakin nahiz; larri irakasleok ere, dena arin bezain zuzen egin beharrez. Arineketan ibiltzea eta zuzen egitea etsaituta daude, salbu eta korrikalari banintz: orduan arinago eta hobeto, dudarik gabe. Ains.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.