Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Bazka

2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Zirimiria Bilbon; grisa giroa, gandua. Giroa umelago, ezin. Plaza Biribilean zabaldu berri duten denda erraldoi baten inguruan ilara luze-luzeak. Gehienak gazteak dira, eta denak aterki barik. Guardasolak salduko ote dituzte? Zain daude. Denda erraldoiaren poltsarekin atera ahala sartzen dira euritako bakoak. Berrehun metrora gizon bat belauniko dago, belauniko eta negar artean. Eskean. Eskuetan kartel bat, laguntza behar dut, alboan, kutxa bat. Txanpon gutxi batzuk ditu. Kalez kaleko salmentan dabilen gizon bat hurbildu zait ea parasolarik nahi ote dudan. Ezetz esan diot, badudala. Semaforo gorrian geldirik hirurehun metrora dagoen banketxe ezagunaren marmore beltz faltsuan ikusi dut lotan dagoen gizona. Tapakia du gainean. Bere ondasun guzia bizkar zorro bat eta erdi beterik dagoen botila ura. Lo dago baina hilik ere egon zitekeen, mugitu ere ez baita egiten.

Gu argazkiak izan gintezke, gu baino gorago dagoen norbaitek atera dezakeen gure errealitatearen istant bat. Beltzez jantzita doan emakumeak ezezkoa egin dio euritakoa saltzen ari den gizonari; denda erraldoian sartu behar direnen eta banketxean lotan dagoenaren artean pasatu da patxada osoan. Agian bera ere ilara luze horretara doa, pentsatuko du goikoak. Agian, jatetxe batera beste norbaitek egingo duen jana irenstera. Erretratua, baina, irekiagoa izan liteke. Goikoaren gaineko beste norbaitek atera dezake. Laugarren pisukoa begiratzen ari da semaforo gorrian geldirik dagoen beltzez jantzitako emakumea. Baztertu egin du kale saltzaileak eskaini dion euritakoa, semaforo berdearekin eskuma aldean utzi du banketxeko atarian lotan dagoen eskalea, eta bere begiradak denda erraldoiaren sarreran zain dauden pertsonak ditu jomugan. Gorago ere egin genezake, Juan Genovésen margolan handi horiek sortu arte. Azken finean denok gara bazka. Literatura bazka. Margolaritza bazka. Bizitzaren bazka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.