Blanca Urgell
LARREPETIT

Txurroak zerekin?

2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Erlijio hitzetan fenomeno nabil ni —lanbidearen ajeak (bis)—, baina lagunarteko hitzen kontuan ez ondo. Nire buruari galdetu diot nola esaten zaion gaztelaniaz arrejuntarse zeritzanari euskaraz. OEH-n amancebar zaharra bilatu, eta amanzebatu baino ez zait agertu, Kardaberatz (1761) eta Añibarrok (1808) erabilia, orduan horrelakoak izan baziren seinale, baina arrimatu hitza bera agian oraindik ez. Elexpururi zor zaizkion gauza onen zerrendan hauxe sartu behar: arrimauta bizi-ren OEH-ko lehen agerraldia eta bakarra. Orain nork eta Euskaltzaindiak onartu du hiztegian.

Juntatu-tik joan zait gogoa arrimatu-ra, eta juntatu-ra koordinatu-tik, tximinoak adarrik adar legetxe, jostalari. Bon, koordinazioa giza hizkuntza guztien ezaugarria den ala ez pentsatzen ari nintzen, eta badirudi baietz, baina ez derrigor guztietan berdina. Adibidez, japonierak juntagailu bana erabiltzen omen du izena bada (to), edo aditza zein adjektiboa (te), eta mandarinerak juntagailu mugikorra du, hots, «Jonek sagarra eman zion eta Mirenek jan zuen» diote, guk bezala, baina baita «Jonek sagarra eman zion Mirenek eta jan zuen».

Munduaren lau bazterretan koordinazio komitatiboa ere topatuko dugu, hau da, -gaz edo-kin-en lekuan lekuko baliokideekin egina. Bitxia, ezta? Ba ez: gurea ere bazen antzina. Gomiz Gonsalutx bertan zan / beragaz Presebalen kaltean dio Arrasateko erreketaren kantuak, hots, 'beraren eta Presebalen kaltean', bertan egoteagatik biak hil baitziren; Ene begiakaz biotzeen artean... ('begien eta bihotzaren artean') amodiozko poema zahar batek, eta Larramendik «Siroco: viento de entre Levante y mediodia, sortaldearequin eguardiaren bitarteco aice bat». Eta horrelatsu ehunka adibidetan. Gaur, baina, akituta dago, hondarretan: «Ze bokata nahi duzu? Gazta txorizoarekin». Eta eguraldiak dakarkiguna uda honetan: txurroak txokolatearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.