Blanca Urgell
LARREPETIT

Bat irabazi, bi galdu

2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Euskal hitza zer den, honatx etengabeko galdera. «Euskaldunok euskaraz elkarrekin hitz egiteko erabiltzen dugun edo erabiltzen zuten hitza» definizio on bat bide da. Honen arabera, ordea, badira Euskaltzaindiaren hiztegian egon ez arren euskal hitzak direnak eurrez. Batzuk zain daudeke, noiz onartuko; besteak ez dira apika inoiz agertuko. Edonola ere, hiztegi honek, ezein akademiarenak bezalaxe, ezin ditu alor guztietako hitz guztiak barneratu: hor ditugu Euskalterm eta HT, besteak beste, halakoak biltzeko. Isilpeko euskal hitz horietako bat da maar, berrienetako bat agian. Berez, krater mota berezi bat da, lur azpiko ura eta magma beroa batuz gero, tenperatura ezberdintasun ikaragarriak eragindako leherketak sortua. Ohikoa da gero maarak aintzira bilakatzea.

Postura egin genuen islandieratik baietz etorri, bokalengatik. Eta galdu, aldez bederen, bai baitator hizkuntza germaniko batetik, baina ez handik. Latin mare 'itsasoa'-tiko mara 'lakua' du oinarrian. Haatik, gure adieraren lehen aipua Sebastian Münster-en Cosmographia-n dago, Etxeparek liburua kaleratu eta urtebete lehenago (1544) alemanieraz egindako munduaren lehen deskribapenean. Termino geologiko zehatza beste aleman batek bihurtu zuen: Johannes Steininger-ek (17941874).

Ez da kasualitatea. Alemania hego-mendebaldeko Renania-Palatinatua estatuan Vulkaneifel —hain juxtu— izeneko distritu bat dago. Maarak non, eta han asko omen. Inguru hartako alemaneraren ahozko aldakietatik heldu da, bada, terminologiaren nazioarteko esparrura. Campo de Calatravan (Ciudad Real) ikasi dut nik abuztuan eta, zer diren gauzak, Cerro Viejoko arrakalek eta Etnako krater zuloak maarik sortuko ez duten arren, dakidalarik, ez zait erraz ahaztuko, ez, sumendi bolada honetan.

Sumendiak batetik eta neonaziak bestetik. Atsotitzak dioenez: Bat irabazi, bi galdu, hau ere bizitza modu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.