Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gomutakija

2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Edozein kanposantutan sartzen naizelarik ez dakit zergatik ez dudan Edgar Allan Poe ikusten beste denek bezala. Niri, Leonard Cohen agertzen zait ahots sakonarekin kantatzen: «First, we take Manhattan, then we take Berlin». Eta plazeretik deus ez duen hozkirritu hotz batek egiten dit goitik behera.

Nik ezinegona abizenak irakurtzen astintzen dut. Ahopean esaten ditut, mamuak uxatzeko nire metodoa da. Abizenik abizen, horietakoren bat nire zuhaitz genealogikoan baldin badago, lasaiago geratzen naiz. Erdi lehengusu eta lehengusinak beti aldeko izaten ditut. Eta hala ere, kanposantuek badute gustatzen zaidan zer.

Laster mendea beteko daBegoña Bilbora lotu zutenetik (Deusturekin ere egin zuten), eta Begoñako kanposantua da izan zen errepublika hartatik geratzen den lorratz gutxienetakoa. Urkaregi, Garamendi, Benito del Valle, Sarasola, Iturriaga, Arriola... Aranzadikoak sartu dira urte luzez itxita egon den hilerrian, eta parke bilakatu baino lehen, zulatzen hasi dira. A ze ustekabea! Uste baino hezur-hondar gehiago dago, batzuen berri orain artean izan ez dutena. Misterioak. 150 umerenak aurkitu dituzte zati txiki batean, eta indusketan jarraitzen dute. Aberats eta txiroek espazioa konpartitzen dute, baina bakoitzak bere aldea du. Hor dago Olano-Abaituatarren panteoia, hor lurperatuko zuten, ziurrenen, Eulalia Abaitua.

Eskulturak, gurutze kristau eta zeltak, harlauza hautsiak, eta hor, euskaraz agertzen den lauza bakarra: Zubieta eta Berreteaga tar, Toma. Bere seme-alabak dautsien gomutakija. Geldituko ote da nork izan Tomaren gomutakirik? Harri zati bakoitzak ostendua du istorio bat, eta orbela zapaldu ahala elkarri begiratzen genion sakrilegioa egiten ariko bagina lez. Hego harrotuak zuhaitzen hosto zaharrak botatzen ditu harri zahar gainetara. Gomutakijak errespetatuko ote ditu parkeak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.