Bazterretan bilatu behar dira emakumeak historian. Gauzak ondo, eta polemika baretzen bada, agian Paduan (Italia) egingo dugu topo Elena Cornaro Piscopiarekin. Filosofoa izan zen (Venezia, 1628) eta (momentuz) ezagutzen dugun lehen unibertsitate tituludun emakumezkoa. Prato Della Valle plazan 78 eskultura daude eta (o, ustekabea!) denak gizonezkoenak dira. Kalapita ederra sortu da emakume (bakar) baten eskultura jarri nahi dutelako, eta azkenean udalbatzak (uzkur) onartu egin du baldintzekin. 2022an, beharbada, Paduako hiritarrek ez dute nahikoa heldutasun emakumezkoak munduan egon direla onartzeko. Hilma Af Klint-i ere gertatu zitzaion. Bera da Kandinski baino lehenago abstrakzioan aritu zen artista, baina urte asko pasatu behar izan dira hori onartu arte. 1944an hil zen, Suedian, eta bere lan denak utzi zizkion Erik lobari oinordekotzan. Baina bakarra laga zuen; hil eta hogei urte pasatu arte ez zezaten publiko egin bere lana. Berak margotutakoak ulertzeko goizegi zela pentsatzen zuen.
Egun gutxi gelditzen zaizkio Guggenheim museoan abstrakzioan jardundako emakumeen gainean atondutako erakusketari. Bertan ikus daitezke Hilma Af Klinten zenbait lan. Horietako baten aurrean Kandinski etorri zait gogora. Maite dut Kandinskiren lana, baina bere bizitzaren gainekoak irakurtzen hasi nintzenean Gabrielle Münterrekin egin nuen topo. Eta geroago, Hilma Af Klintekin. Jabetuta nengoena berretsi nuen: nire maitasuna ez dela mugarririk gabeko ozeanoa. Maiz esan ohi da egilea eta bere lana bereizi egin behar direla, maisulan asko gaitzesgarriak diren pertsonek egin baitituzte. Baina honetan ere zalantzan nago, eta batzuetan pentsatzen dut hau ez ote den geure buruari ematen diogun baimena, gaitzesgarritasunetik at, maite ditugun kultur sorkuntzak lasai maitatzen jarraitzeko.

LARREPETIT
Lupa behar dugu historia orrietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu